EAko presidenteak uste du EAJ gaizki kudeatzen ari dela Urdaibaiko Guggenheim berriaren proiektua. Gainera, Imaz Petronorreko presidente izendatu badute, Madrilentzat “politikari erosoa izan delako da”, adierazi du.
Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidenteak esan du EAJ eta Bizkaiko Aldundia gaizki kudeatzen ari direla Sukarrietan egin nahi duten Guggenheim Museo berriaren proiektua eta alderdi jeltzaleari eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiari “eurek agintzen duten udalerrietarako soilik gobernatzea” leporatu die.
Bestalde, Europa Press albiste-agentziari eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, Espainiako Gobernua “oso txarto” ari da krisi ekonomikoari aurre egiten eta horrek Patxi Lopez PSEko buruzagiarengan “eragin negatiboa” izango duela iragarri du. Horrez gain, Josu Jon Imaz Petronorreko presidente izendatu izana “gazteentzat oso adibide txarra” dela esan du.
Ziarretak esan du “kezkagarria” iruditzen zaiola Guggenheim Museo berriari lotutako guztia, hasteko, Eusko Jaurlaritzak “egitasmo horri buruz oso informazio gutxi” zuelako eta EAJ “gauzak oso gaizki kudeatzen ari delako”. “Ezin dezakete euren udalerrietarako soilik gobernatu”, azpimarratu du.
Gauzak horrela, Guggenheim Museo berria Urdaibain eraikitzekotan, “logikoena” Gernikan eraikitzea izango litzatekeela adierazi du, “eragin ekologiko txikiagoa izango lukeelako”. Ildo horretan, egin beharreko galdera ondoko izango litzatekeela esan du: “Gernikako alkatea EAJkoa izango balitz, eta ez EAkoa, udalerri hori aukeratuko zuten?”. Nolanahi ere, horrelako proiektu garrantzitsu baten inguruko erabakia Jaurlaritzak hartu beharko lukeela eta ez Diputazioak nabarmendu du.
Imaz eta Petronor
Bestalde, Josu Jon Imaz EAJko buruzagi ohia Petronorreko presidente izendatu izana “gaztentzako mezu eta adibide okerra” dela esan du. “Politikari ona bazara eta Madrildik goresten bazaituzte, Petronorreko edo Euskalteleko presidente izendatzen zaituzte”, erantsi du Imazi eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiari aipu eginez.
Lotura: Albistea EITB24an
Jatorria: Europa Press/EITB24