EHAKri erantzun dio ETA eta indarkeria direla euskal gizarteari independentziaren aldeko mugimendu atzeraezin bat abiaraztea eragozten diotenak

Eusko Alkartasunak egungo marko juridiko-politikoa gainditzeko eta Euskal Herriaren independentzia lortzeko duen borondatea zalantzan jartzearren EHAK azken bolada honetan egiten ari den saioak arbuiatu ditu EAko Erakundeen arloko idazkari Rafael Larreinak. Herri galdeketaren deialdiaren kudeaketa dela-eta Ezker Abertzaleak EAri eta hiruko osoari eginiko kritiken aurka egin du Larreinak, “Eusko Alkartasunan tinko eusten diogulako ekimen honekin edo beste batzuekin aurrera egiteko gure borondateari eta Estatuaren debekuen gainetik pasatzeko prest ere bagaudelako, Estatua euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aitortzera demokratikoki behartu arte”.

Independentzia eta indarkeria bateraezinak dira eta helburu hori bakarrik bide baketsu eta demokratikoak jorratuz lortuko dugu, nabarmendu du Larreinak. Bere hitzetan, “Eusko Alkartasunako gizon-emakumeok bakarrik ezin dezakegu bide hori bete; indar soberanista guztien parte-hartzea behar da, bai eta gizartearen gehiengoaren atxikimendua ere”.

Ildo honi jarraituz, EAko agintariak oztopo nagusiak ETA eta indarkeria direla gogorarazi dio EHAKri, ETA eta indarkeria direla independentziaren aldeko mugimendu atzeraezin bat abiaraztea eragozten dutenak. Eta galdetu dio ea xede horren alde indarkeria baztertuz eta soilik bide baketsu eta demokratikoen bitartez lan egiteko prest dagoen. Larreinaren esanetan, “bakarrik horrela bat egin ahal izango dugu bide horretan, baina ezin daitekeena egin zera da, besteok egiten saiatzen garena kanpotik kritikatzea; EHAK-k lasta bota eta behingoz politikan burubelarri murgildu behar du gainerako indar soberanistekin bat eginez gizartearen gehiengoaren atxikimendu demokratikoa bilatzeko, herri gisa egiten ditugun eskari zilegien aurrean ez espainiar Estatuak ez nazioarteko komunitateak begiak ezin ditzatela itxi lortu arte”.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna