Rafa Larreina Lizarra-Garaziko Akordioaren funtsa, Rafa Larreinaren ustez, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea da, “egun indarrean dagoena”. Eskubide hori gauzatzeko konpromisoa berretsi du.

Lizarrako argazkian izateaz gain, Rafa Larreina (Gasteiz, 1956) prozesuaren hastapenetik amaierara arte lehen lerroan izan zen. EAko Antolakuntza idazkaria zen orduan, Carlos Garaikoetxearen albokoa. Gaur egun EAko Erakundeen Arloko idazkaria eta Eusko Legebiltzarreko bigarren lehendakariordea da.

Nola izan posible Lizarra-Garaziko Akordiora iristea? Nola izan zen posible jarrerak hurbiltzea abertzaletasun instituzionala eta ezker abertzalea hainbeste urtean elkarren kontra aritu ondoren?

Iritzi publikoari begira, Lizarrako Akordioa bat-batean sortu bazen ere, lan handia izan zuen atzetik. Irlandako Foroaren bitartez sortu zen. Hori da aurreko hiru hilabeteko erreferentzia zuzena, baina horren aurretik lan handia izan zen. Lizarrako Akordioaren aurreko urtean, 1997ko udatik 1998ko udara, EAko zuzendaritzak ehun bilera inguru izan zituen eragile politiko eta sozialekin, EAJ, HB, PSOErekin… 1997ko udazkenean eta 1998ko hasieran, bakea lortzeko, EAk eta EAJk, gobernukide ginela, bilera asko izan genituen alderdi sozialistarekin ere.

Nola gogoratzen dituzu ETArekin izandako elkarrizketa zuzenak, 1998ko udan?

Ordu arte kontaktu idatziak izan genituen, eta kontaktu zuzenak iritsi zirenean izpiritu eraikitzailearekin heldu genien, konbentzitzeko helburuarekin, bide posible bakarrak bide politikoak zirela konbentzitzeko. Halaber, bide politikoen aldeko konpromisoa berretsi genuen, baita gure ideia aurrerakoi eta independentistaren defentsa ere. Gure ustez, giza eskubideen aldeko konpromiso aktiborik gabe ezin da ezer eraiki.

EAJk eta EAk ETArekin izandako elkarrizketak lotuta zeuden su-etenarekin?

Su-etena ETAren erabakia da. Aztertutakoaren arabera hartuko zuena. Gure argudioek -indarkeria independentziaren bidean aurrera egiteko benetako oztopo bat dela- nolabaiteko pisua izan zutela uste dut. Orduko eta ondoko esperientzia ikusita, gure kezka da ETAren munduan ez direla ohartzen independentziaren bidean aurrera egiteko oztoporik nagusia indarkeriazko jarduera dela. Gure konpromisoa indarkeriazko jardueran zeudenei indarkeriarik gabeko jarduerara joan ahal izan zitezen laguntzea izan da. EAren konpromiso horrek balio izan izan zuen 1998ko su-etenerako, eta balio izan du azken prozesuan, Nazio Eztabaidagunearen bidez. Filosofia berekoak dira. Gure desilusioa da ez dela nahikoa izan, azken su-etena behin betikoa izan zedin.

Lizarra-Garaziko garaian asko hitz egin zen bake prozesuaz eta prozesu subiranistaz. Biak izan ote ziren?

Lizarrako Akordioarekin mahai gainean jarri genuena prozesu demokratikoa zen. Beraz, ezin da esan prozesu subiranista izan zenik. Beste kontu bat da alderdi batzuek prozesu subiranista horretan sakondu izana. Batzuek ez genuen sakondu behar izan, bageundelako. Bake prozesu bat ere izan zen, indarkeria erabiltzen zutenek uzteko pausoa emateko laguntzen zuen neurrian. Baina funtsezkoena zen prozesu demokratiko bat zela. Zer zioen akordioak? Gatazka politikoak bakarrik bide politikoetatik konpontzen direla, elkarrizketa, negoziazio eta akordioaren bidez. Horrez gain, esaten zuen herritarrek daukatela hitza, ahotsa eta erabakia. Herritarrek erabaki behar dute, denek, bazterketarik gabe, edozein nazio sentimendu edo ideologia izanda. Lizarra prozesu demokratikoa izan zen, demokraziaren aldeko apustu bat.

Frontismorik izan ote zen?

Frontismoa ez zen gure hutsegite bat izan, baizik eta inteligentzia zerbitzuek Estatuaren mesedetan diseinatutako operazio bat. Estatu aparatuek mehatxu gisa ikusi zuten Lizarrako Akordioa. Frontismoa diseinatua izan zen, frontismoa ez zen sortu Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu genuenon aldetik. Beti aipatzen genuen akordio demokratiko biltzailea zela, denak biltzeko.

Zer garrantzi ematen diozu EAJ, EA eta EHren arteko gobernu akordioari?

Erabakiak hartu behar ziren, eta esan beharra zegoen zeinek gidatu behar zituen euskal erakundeak. Aukeratu egin behar zen erakundeak eta Gobernua esparru demokratiko hori eta gatazka gainditzeko elkarrizketa eta negoziazio espazio hori sortzearen alde zeudenen esku utzi edo zintzilik utzi, egonkortasunik gabe, ezin gobernatuz, edo esparru demokratiko horretan lan egiteko prest ez zeudenen esku utzi. EHk har zezakeen erabaki koherente bakarra hartu zuen. Gobernu hura babestu zuen.

Zein zen EArentzat Udalbiltzaren esanahia?

Udalbiltza beste ekarpen bat izan zen, gatazka gainditzeko. Lizarrako Akordioan argi hitz egiten da gakoei buruz: askatasun demokratikoa eta lurraldetasuna. Ikuspuntu horretatik, egungo egoera gainditzeko formula bat zen Udalbiltza, herritarren borondatea eta errealitatea errespetatzen zituena, aniztasuna eta aukera guztiak kontuan hartzen zituena.

Su-etenaren hausturari dagokionez, ETAk EAJ eta EAren jarrerarekin lotu zuen, udan aurkeztutako proposamenari kasu ez egiteagatik. Nola ikusi zenuen?

ETAk eskura zuen azalpen bat bilatu zuen esplikaezina azaltzeko. ETAk huts egiten jarraitzen du: ez da konturatzen gatazka gainditzeko irtenbide bakarra politika dela. Buruargitasun politikoak horretara eraman behar zituen. Noiz gertatu da giro politiko asaldatuena? Lizarra-Garaziko Akordioa sinatzearen eta su-etenaren ondorioz. XIX. mendeko estatuaren ikusmoldea dutenen urduritasuna areagotu zen. ETAk ez du izan azkartasun politikorik jakiteko hori dela bide bakarra. Ikasi ez duen ikasgaia da. Hori da porrotik handiena, ETAk bere burua ez konbentzitzea indarkeriazko bere jarduerak ez daukala izateko arrazoirik. Ez bakarrik etikoki, baita politikoki ere. Europan subiranotasunaren bidean dauden prozesuak aztertuz gero, ezinbesteko baldintza indarkeriaren erabateko arbuioa eta urruntasuna da. Eskozian, adibidez, ez dute ezer jakin nahi indarkeriarekin zerikusirik duen ezerekin, ezta urrutitik ere. Argi daukate hori zama bat dela independentziarantz aurrera egiteko.

Zer gelditzen da indarrean Lizarra-Garaziko prozesutik?

Batetik, arazo politikoak bide politikoetatik konpontzen direla. Beraz, funtsezkoa esparru demokratiko horretan mugitzea da: ahotsa, hitza eta erabakia euskal gizarteak dauka. Euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea dauka, hori da Lizarrako Akordioaren funtsa, eta gaur egun indarrean dagoena. Eskubide hori gauzatzeko konpromiso hartzera eraman behar gaitu. Eta eskubide hori bide politiko hutsetatik bakarrik gauza daiteke. Egungo egoera aztertzen badugu, blokeoaz hitz egin ahal dugu. Euskal lurralde osoan. Egoera blokeatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean. Egoera hori desblokeatzeko modu bakarra indarkeria desagerraraztea eta politikari bide ematea da. Horrek mugiaraziko du mundu guztia. Indarkeriaren iraupena eragozten ari da gatazka gainditzearen eta burujabetzaren aldeko koordinazio abertzale baten egituratzea. Indarkeriarik ez dagoenean eta apustu subiranista hori -adibidez, Nazio Eztabaidagunean zegoen apustua- egituratu ahal den egunean, aukera horrek potentzialitate handia izango du.

 

Lotura: Pello Urzelaik egindako elkarrizketa Berrian
Jatorria: Pello Urzelai/Berria