Mikel Irujo Herri galdeketa autodeterminazioa azken helburu duen «prozesu baten hasiera» dela dio Mikel Irujok

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eusko Jaurlaritzak galdeketara deitzeko eskuduntzarik ez duela ebatzi ondoren, Eusko Alkartasunak Espainiako Gobernuari berari eskatu dio galdeketara deitzeko. «Dei egiten diogu Zapateroren gobernuari gisa horretako galdeketa bat antolatzera, eta ez dezan beldurrik izan onartzeko herri honen gehiengoak egungo esparrutik askoz harantzago joan nahi duela». Mikel Irujo EAko Komunikazio idazkariak dio Zapaterok ez duela alternatibarik. «Ezezkoa ematea oso erraza da alternatibarik ez dagoenean». Horregatik, sozialistei eskatu die «ezekoan oinarritutako politika» alde batera utzi, eta, herritarrek nahi dutena entzun, «pauso ausart bat» emateko.

Irujok galdeketa «prozesu zabal baten hasiera» gisa ikusten du, azken helburua autodeterminazio eskubidea aitortzea duena. «Ezker abertzaleak ere, inteligentzia politikorik balu, horrela ikusi behar luke, herri honen autodeterminazio eskubidea aitortzeko urrats sendoak egiteko». Helburu hori lortzeko, ordea, «printzipio» batzuk aipatu ditu EAk. Batetik, galdeketaren aldekoen ekintzen batasuna eta indarkeriarik eza; bestetik, «eredu propio bat sortzea, praktikoa eta errealista»; eta, aurrekoak bete ondoren, nazioartean elkartasuna lortzea. «Gaur egun hori ezinezkoa da, indarkeria dagoelako eta ekintzek ez dutelako batasunik».

Europako auzitegien erabakia

Aste honetan hizpide izan da Luxenburgoko Auzitegiak Kontzertu Ekonomikoaz emandako sententzia ere. Azken hitza EAEko Auzitegi Nagusiak badu ere, erabaki «historikoa» izan dela uste du EAk. Alta, salatu du Kontzertua auzitan egon izana «Madrilgo gobernuaren zabarkeriaren eta borondate txarraren ondorio» dela, ez zuelako Europako Erdidegoen Itunean sartu.

 

 

Lotura: Garikoitz Goikoetxeak idatzi duen albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria