EAEko airearen % 93,78 kalitate onekoa edo onargarria da, eta kalitate txarreko airea % 1,07 da. 2007ko datuak Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen bitartez lortu dira, Esther Larrañaga (EA) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eman ditu ezagutzera gaur goizean Donostian.
Sare hori osatzen duten kabinetako bat bisitatu du EAko sailburuak, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean (irailaren 16tik 22ra). EAEn Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak koordinatzen du astea, eta, zazpigarren aldi honetan, leloa hau izan da: “Aire garbia guztiontzat”.
Helburua, Larrañagak nabarmendu zuen bezala, jendartea kontzientziatzea da: mugikortasunean eta hiriko garraioan ditugun joerek bizitza-kalitatean eta ingurumenean duten eraginaren gainean, hain zuzen. Ez alferrik, errepide bidezko garraioa da oraindik EB osoan kutsatzaile kaltegarrien iturri nagusia, Ingurumeneko Europako Agentziak uda honetan bertan egin duen azken azterketaren arabera. Eta EAE ez da salbuespena. EAEn, berotegi-efektua eragiten duten gasen isuri guztien laurdena sortzen du garraioak; bigarrena da isurietan, energiaren sektorearen atzetik bakarrik.
NEURKETAK EGITEKO 74 PUNTU
Larrañagak in situ azaldu zuen airearen kalitatea kontrolatzeko euskal sareak nola jarduten duen; 68 estazio finko, 4 mugikor eta 2 metereologia-estaziok osatzen dute sarea. Hau da, neurketak egiteko puntu bat 30.000 biztanleko. Horrela, gainditu egiten da EBaren betekizuna: 250.000 biztanleko kontrol-estazio bat edukitzea. Kontrol-estazioak herrialdera sartzen den mugaz gaindiko kutsadura, baldintza naturaletako airearen kalitatea eta hiriguneetako kutsadura neurtzeko aukera ematen dute. Estazio mugikorrek kokapen berriak izan daitezkeenak eta egoeraren araberako kutsadura aztertzen dituzte. Gainera, ohiko kutsatzaileak, konposatu organiko lurrunkorrak edo metal astunak neurtzen dituzte, besteak beste. Eta industria kutsatzaile nagusien tximinietan jarritako isurien sentsoreek zaintzen dute altzairu-fabrikek, industria termikoek, kimikoek edo gas-plantek beren jardueretarako ezarri dauden legezko mugak ez gainditzea. Bulego nagusiak egunero jasotzen ditu datu horiek modem bidez, eta, horrela, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren web orrian (ingurumena.net), eguneratutako informazioa eskaintzen da.
Azaldu zuen bezala, Europako Zuzentarauak markatzen dituen kutsatzaileak neurtzen ditu Sare horrek: nagusiki, sufre oxidoa, nitrogeno oxidoak, troposferako ozonoa, karbono monoxidoa eta partikula esekiak. Gainera, metereologia-parametroak neurtzen dira: hala nola, haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.
Lehen gertatzen ez zen bezala, neurtutako kutsatzaile (*) batek ere ez ditu gainditzen mugak, PM10 partikulek izan ezik. Dena dela, 2002tik 2007ra, % 6,90ko murrizketa izan dute EAEn. (% 7,70 gutxiago Gipuzkoan; % 7,40 Bizkaian; eta % 5 gutxiago Araban).
Sailburuak gogorarazi zuenez, sare horretaz gain, berariazko ekintza-planak ditu Sailak, udalekin batera, mugak gainditzen diren lekuetan. Plan horietan biltzen dira egoera aldatzeko neurri zehatzak. Izatez, mugak baimendutakoa baino gehiagotan (35 egun urteko) gainditzen zituzten udalerriak -pm10 partikulenak bakarrik-, 2005ean 18 izatetik, 2007an 10 izatera igarotzea lortu da, plan horiek gauzatzen hasi zirenetik.
Era berean, beste ekintza orokorrago batzuk ere badaude, Klima-aldaketari Aurre egiteko 2008-2012 aldirako Euskal Plana kasu, kutsadurari lotutako berariazko neurriak biltzen dituztenak.
111 EUSKAL UDALERRIK ESKU HARTU DUTE
Sailburuaren iritziz, administrazioak izan behar du lehena neurri mota horiek ezartzen, logikoki; hala ere, horretaz gain, ezinbestekoa da, halaber, pentsamoldea errotik aldatzea. “Gure azterketek adierazten dutenez, adibidez, egunero egiten diren ibilaldien % 58 ibilgailu pribatuan egiten da, % 23 garraio publikoan eta % 15 oinez” azaldu zuen. Larrañagaren hitzetan, hau ulertzeko gai izan behar dugu: “mugikortasun jasangarriagoak, ingurumenean ez ezik, osasunean, denboran eta diruan ere onurak ekarriko ditu”.
Mugikortasun Jasangarriaren Asteak, hain zuzen ere, administrazioak eta herritarrak sentsibilizatzea du helburu: hirietako mugikortasunaren arazoen inguruan eta ingurumenean nahiz bizitza-kalitatean dituzten ondorioen inguruan. 2002an sortu zen ekimen hori, hasiera batean 21 herrialdetako 3000 hiriren atxikimendua bultzatzeko, eta urteroko hitzordu bilakatu da. Zazpigarren aldi honetan, Europa osoko 2.000 hirik esku hartu dute.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak koordinatuta, aurten, gure erkidegoko 111 udalerri dira (milioi t’erdi biztanle orotara), guztira eta era aktiboan esku hartu dute Aste horretan, 1.000 ekintza inguru eginez, bai sentsibilizatzekoak (375) eta bai etengabekoak (585). Azken kasu horretan, honelako neurriak hartu dira: garraio publikoa sustatzea, aparkamendu gomendatuak sortzea, erdigunetik hurbilen dauden kaleak oinezkoentzako egokitzea bultzatzea, bidegorriak eta pasealekuak egitea. Beraz, neurri horiek, Europako Aste horren funtsezko sentsibilizazio-alderdi hutsetik haratago doaz -nahiz eta, zalantzarik gabe, funtsezkoa ere izan-, eta ekarpen estrukturala, nabarmena eta iraunkorra egiten diote garapen jasangarriari.