Pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen inguruan PSE-EEk egunotan egin dituen salaketa «faltsuak» ezeztatzeko agerraldia egin zuen atzo EAren Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak. Halaber, Espainiako Gobernuari pentsioen osagarriak «boikotatu» nahia leporatu zion.
Pentsioak
gutxieneko soldatarekin parekatzeko Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen
inguruan PSE-EEk egunotan egin dituen salaketa «faltsuak» ezeztatzeko
agerraldia egin zuen atzo EAren Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak. Halaber,
Espainiako Gobernuari pentsioen osagarriak «boikotatu» nahia leporatu zion.
Jaurlaritzari pentsioen osagarria emateko eskaerak
«azkartzeko» eta «leihatila bakarra» osatzeko galdegin dio asteon PSE-EEk, eta
3.000 lagunek laguntza oraindik ez dutela jaso salatu zuen. Manuel Vigo
Jaurlaritzako Gizarteratze eta Familia sailburuordeak atzo gogorarazi zuenez,
PSE-EErekin adostu eta Eusko Legebiltzarrean onartu zuten pentsioak osatzeko
legea eta laguntzak «normal» kudeatzen ari direla berretsi zuen.
Eusko Jaurlaritzak «inolako itxarote listarik ez» duela
azpimarratu zuen Vigok, pentsioen osagarriak «udalek eta aldundiek zuzenean
kudeatzen dituztelako». Eskabideak azkarrago kudeatzeko, gainera, gizarte
zerbitzuak indartzeko baliabide ekonomikoak eman dituztela esan zuen. Azkenik,
laguntzak emateko arazo gehien dituzten udaletako batzuk Patxi Lopezen
alderdiarenak direla adierazi zuen sailburuordeak: «Horietako batzuek esan dute
osagarriak ez direla haien lehentasun».
Laguntzaren onuradunei, bestetik, «lasaitasuna» eskatu zien
Vigok, PSE-EEk esandakoaren kontra, pentsioen osagarriak eskatzeko eskabidea
egin den egunetik bertatik jasoko dutelako, «atzeraeraginezkoa baita, eskatzen
den momentutik».
«Madrilen aginduetara»
Azkarragak jokabide «hipokrita eta desleiala» egotzi zion
Lopezi, osagarriekin «jolasten» ari delako eta «Madrilen aginduetara»
dagoelako. Espainiako Herri Administrazio ministerioak irailaren 15ean idatzi
eta Jaurlaritzari aste honetan helarazitako gutun baten bidez, pentsioen
osagarriak bezalako laguntzak Gizarte Segurantzari dagozkiola eta, hartara,
Espainiako Gobernuaren eskumen direla ohartarazi zioten Azkarragaren sailari.
EAko Idazkari Nagusiak eta Sailburuak 20.000 lagunengana
helduko den laguntza «boikotatu» nahia deritzo Espainiako Gobernuak bidalitako
gutunari. «Gutun hori pentsioen osagarriak bertan behera utz ditzagun eskatzeko
lehen urratsa izan daiteke», esan du.
Osagarriak, edonola ere, gizarteratzeko laguntzak direla
esan zuen Azkarragak baina Espainiako Gobernuari Gizarte Segurantzaren
eskumenak transferitzeko galdatu zion, «haiek baino hobeto egin dezakegulako».
Pentsioen osagarriak ere babestu zituen, «Zapaterok agindutako pentsioen
igoerak» inoiz ez direlako heldu.
Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Mikel Carramiñana/Berria