Joseba Gezuraga, Iñaki Galdos eta Fernando Velasco Gregorio Rojo Vital Kutxako presidentea eta PSE-EE bat-egitearen aurka egotea gaitzetsi du alderdiak

 

Gutxienez BBK-k eta Kutxak bat egitea «ezinbestekoa» da EAren irudiko, besteak beste, 50 milioi euro aurreztuko direlako, eta hori gizarte ekintzara bideratu ahal izango delako. Bi finantza erakundeek ez ezik Vital Kutxak ere fusioan parte hartu behar lukeela uste du alderdiak. Hala, PSE-EEren eta Vital Kutxako presidente Gregorio Rojoren jarrera gaitzetsi ditu, fusioaren aurka daudelako.

 

«Espainian bultzatzen ari direnaren kontrakoa ari dira egiten Euskal Autonomia Erkidegoan», esan du Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak. Gaia kontu politikoekin nahastea egotzi die, eta PSE-EEk ez duela fusioak ekar ditzakeen kalteen gaineko argudiorik eman gaineratu du. «PSE-Eetik gertu dauden eragile sozial eta ekonomikoak ere bat egitearen alde daude», esan du Galdosek.

 

PSE-EEk, ordea, gezurtatu egin du bat egitearen aurka dagoela. Hiruren arteko fusioa nahi duela esan du. Eta alderdiak adierazi duenez, Gipuzkoako batzar nagusietan fusio eredu bat proposatu zuen, sei puntutan oinarritutakoa, baina EAJk eta EAk baztertu egin zuten.

 

%30, gizarte ekintzarako

 

Baldin eta Kutxak eta BBK-k bat eginez gero, oreka fiskala bermatuta egongo dela esan du Gipuzkoako EAko presidenteak, «bai bat egiteko momentuan baita etorkizunean ere». Hau da, ez Gipuzkoako ogasunari ez Bizkaikoari kalterik ez liokeela eragingo. «Bereziki zorrotzak izango gara horretan», azaldu du.

 

EAren arabera, sortuko litzatekeen erakunde berriak irabazien %30 bideratu beharko luke gizarte ekintzara. Kutxa eta BBK gizarte ekintzari dagokionean ezberdinak direla azaldu du. Dena den, alderdiaren iritziz, bakoitzaren izaera mantentzea posible izango da aurrerantzean ere.

 

 

 

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/M. Garate/Berria