Unai Ziarreta, EAren presidentea EAk ezker abertzalea deritzonari esan dio subiranoekin parte hartzeko prest dagoela baina giza eskubideen defentsa oinarritzat beti ere. Gainera, Ziarretak PP eta PSErekin hauteskunde osteko akordioak baztertu egin ditu. Ziarretak uste du bere alderdiak “sei eta bederatzi eserleku bitartean” lortuko dituela

Unai Ziarreta EAko presidenteak ezker abertzalea deritzonari esan dio bere alderdia “irekita” dagoela beste alderdi subiranoekin hitz egiteko baina “giza-eskubideen erabateko defentsaren ikuspuntutik”.

Gainera, Eusko Alkartasunak ezker abertzaleko zerrendetan legez kanpo geratutako jendea euren zerrendetan sartzea “oso zail” ikusi du eta azpimarratu du “inoiz” ez duela ANVren lekua hartuko.

ETB2ko El Punto saioan egindako elkarrizketa batean, Ziarretak PSE-PSOE eta PPrekin hauteskunde ondorengo akordioak lortzea baztertu egin du, zioan ere, “euskal nortasuna ukatzen baitute”.

Gainera, Ziarretak esan du bere alderdiak “sei eta bederatzi eserleku bitartean” lortu ditzakeela.
Zentzu horretan bermatu du Exekutiba Nazionalak bakarka joateko erabakia “irmoa” dela eta esan du ez duela ulertzen “zergatik sortu den horrenbesteko iskanbila” erabakiak.

“Buruan daukagun eszenatoki bakarra geure hauteskundeetara geure siglekin aurkeztearena da eta gero, behar bada, sortuko ditugu programak, hautagaiak eta ikusiko dugu hauteskundeen ondoren zeintzuk bide irekitzen zaizkigun” erantsi du.

Ziarretak onartu du “kanpaina zaila” dela “polarizazio ikaragarria” dagoela, batez ere, “hedabideek sortua”.

EAko buruak esan du EAJri “errespetu osoa” zor zaiola, eta azpimarratu du koalizioak “gizarteari gauza positibo asko eman dizkiola, batez ere, mahai gainean Estatutu Berria (Ibarretxe Plana) eta Kontsultaren Legea jarri dituela.

“Azkenean, kontua da benetako urratsak eman behar izan dituztenean, esaterako Kontsultaren Legearekin, denok ikusi dugula EAJ nola jokatu duen. Urriaren 25eko ekitaldia geuk kontsulta bezala ulertzen genuen hartatik oso urrun dago. Eta hori EAJren jarreraren ondorioa da”, esan du.

“Gauza askok egin dute EAk EAJrengandik bereiztea eragin dutenak. Horregatik geure programa bateratuak hautsi, eta norberak berea egitea erabaki du” zehaztu du Ziarretak.
“Geure erronka azken zortzi-bederatzi urteotan hauteskunde egunean etxean geratu diren hautesle guzti horien ilusioa piztea da”

 

Lotura: Albistea EITB24n
Jatorria: Eusko Alkartasuna