Egindako lanarekin lasai dago Tontxu Campos (Barakaldo, Bizkaia, 1962). Hizkuntza ereduen erreforma ez da legealdi honetan aurrera aterako, baina baikor da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua (EA), bere aulkia hartzen duenari lan mardula eginda utzi diolakoan.
Azkenean ez da egitasmoa Legebiltzarrera eramateko astirik egongo. Porrot egin al du proiektuak?
Inola ere ez. Uste dut prozesua bera oso aberasgarria izan dela, eta horrek ematen diola arrakasta proiektuari, hain zuzen, hezkuntza eragileekin landu izanak. Hainbat legealditan horretaz hitz egin da ezer egin gabe. Gure erantzukizuna proposamena egitea zen, eta eginda utzi dugun lana eztabaidaezina da.
Zergatik abiatu da hain berandu erreforma egiteko prozesua?
Gure proiektuaren ardatzak duela ia bi urte azaldu genituen Legebiltzarrean. Aurretik, ez zegoen ezer eginda. Herri honetan sekula eztabaidatu ez diren gaiak jarri ditugu mahai gainean: hizkuntzan izan beharreko maila, irakats hizkuntzaren kontzeptua (ez dela ikasten bakarrik hizkuntza bat, baizik eta hizkuntza batean)…
Negoziazio prozesuan zein eragin izan du hauteskundeak hain burbil egoteak?
Hauteskundeek beti baldintzatzen dituzte alderdien jokabideak, nola edo hala. Horregatik diot hurrengo legealdirako lan erraldoia utzi dugula eginda, eta guk lortu ez duguna hurrengoak egin dezakeela legealdiaren hasierako lasaitasunarekin.
Egitasmoak alde guztietatik jaso ditu kritikak, baina zalaparta handia eragin dute hirukoaren barruko desadostasunek.
Komunikabideetan beti azpimarratzen dira bereizketak, eta nik nahiago dut adostasunak azpimarratzea. Bestalde, gure proiektuak zentralitatea ordezkatzen duela esango nuke
Zein iritzi duzu EAJk eskatzen zuen probari buruz?
Uste dut ez dela ulertu egin nahi izan duguna. Badakigu ikasle guztiak ateratzen direla gaztelaniaz komunikatzeko gai, eta badakigu ikasle elebidunak B eta D eredutik ateratzen direla. Beraz, eskarmentuaren arabera ondo dabilena ahalbidetu nahi izan dugu. A ereduko ikastetxeek batez ere, aldaketara moldatzeko prozesu bat beharko dute.
Beste kontu bat da esperimentatzea nola lortzen den gaztelania, euskara eta kanpoko hizkuntza baten ezagutza.
Hezkuntza eragileek, oro har, bat egin dute hasierako proposamenarekin, trantsizio eperik gabe, eta batzuek esan dute motz geratzen dela.
[EAEko] Eskola Kontseiluak bere irizpenean adierazi du gure hasierako planteamenduan ondo gureganatu genuela hezkuntza eragileen nahia. Lehenengo planteamendu hori aldatu ondoren askoz erosoago sentitu dira hasierakoarekin.
PP eta PSE-EE ez dira hasieratik bat etorri erreformarekin.
Alderdi batzuek sinesten dugu euskarak eta gaztelaniak maila eta estatus bera dutela; bati ematen zaiona ezin zaio besteari ukatu. Baina beste alderdi batzuek uste dute euskara antzinatik datorkigun arrastoa dela, baina ez dela modernoa, beharrezkoa; bitxikeriatzat hartzen dute, eta haien ustez, gaztelaniaren pareko jartzea gehiegizkoa da. Hori konpondu arte, politikoki gauzak konplikatu samar egongo dira.
A ereduarekin jarraitzearen aldeko gurasoen plataformaren argudioak bide beretik doazela iruditzen zaizu?
Denetarik egongo da. Guraso batzuk borondate onez egongo dira kezkatuta, ezin izango dietelako seme-alabei lagundu; beste batzuk, aldiz, ez dira egongo arrazoi pedagogikoengatik soilik kezkatuta.
Gutxienez irakasgaien %60 euskaraz izatea proposatu duzue. Ez al zenukete ausartasgoak izan beharko?
Ondo dabilena ahalbidetzen du gure lege egitasmoak. Ikastetxez ikasketxe joanez gero ikusiko dugu modu ezberdinetan lor daitezkela helburuak
Eskolaren gainean ardura gehiegi jartzen al da euskalduntze prozesuari dagokionez?
Bai, eta izan dugun eztabaidarekin argiago ikusi da. Nik esango nuke eskola izan dela gure gizartean gehien euskaldundu den erakundea. Gizarte osoa eskolaren neurrian euskaldundu izan balitz, ez genuke eztabaida hau edukiko. Gaitasunak ez dira eskolan bakarrik lortzen. Eskolatik ateratzean, ikasleek ez badute euskaraz jarduteko modurik, non praktikatuko dute? Eskolak berea egin dezake, baina gizartearen eta kalearen kontra ez du irabaziko.
Gainera, oraindik uste txar asko dago gure artean. Gatazkak ez dituzte hizkuntzek sortzen; pertsonek sortzen dituzte gatazka horiek aldaketei euren gabezietan pentsatuta begiratzen dietelako, eta ez gazteek dituzten ahalmenez konturatuta.
Lotura: Elkarrizketa Berria egunkarian
Jatorria: M.A./Berria