Eusko Alkartasunak ekitaldia egin du gaur eguerdian Donostian, eta bozetara begira “proposamen zehatzak” egingo dituztela adierazi du.
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Unai Ziarretak Eusko Autonomia Erkidegoko lehendakari eta EAJko hautagai Juan Jose Ibarretxe izan du gaur hizpide, eguerdian Donostiako Kursaalen egindako agerraldian. Ibarretxe EAJren “erreklamu hutsa” dela esan du Ziarretak, eta “benetako aldaketa EAJ eta PSEren eskutik ez” dela etorriko nabarmendu. “Polarizazio hori iruzur hutsa da”. Horren aurrean, “proposamen zehatzak” egingo ditu EAk.
EAko buruaren esanetan, jendea erakartzeko jarri dute berriz hautagai EAJko buruek; “izan ere Ortuzar, Urkullu eta Bilbaoren bideak jarraitzen direlako, alegia Josu Jon Imazen bidea”. EAJk subiranismoaren bideari muzin egiten diola iradoki du horrela Ziarretak.
Krisiaz ere mintzatu da Ziarreta. “EAk bere programan proposamen zehatzak” bilduko dituela azaldu du: horien artean, Euskal Herriko aurrezki kutxek bat egitearen aldeko apustua, industriak ekonomian duen pisu erlatiboa mantentzea, ikerkuntza, berrikuntza eta formazioa bultzatuta.
Jatorria: EP/Berria