Europako Aliantza Librea (EAL) nortasun handia duten eta Europan beren ahotsa entzunarazi nahi duten nazio, estaturik gabeko nazio eta lurralde erakundeetako hainbat alderdik osatzen dute. EALek 40 alderdi aurrerakoi biltzen ditu eta 17 estatu kidetan dauzka ordezkariak.

Europako Aliantza Librea (EAL) nortasun handia duten eta Europan beren ahotsa entzunarazi nahi duten nazio, estaturik gabeko nazio eta lurralde erakundeetako hainbat alderdik osatzen dute. EALek 40 alderdi aurrerakoi biltzen ditu eta 17 estatu kidetan dauzka ordezkariak.
EAL alderdi Europazalea da, baina Europa kudeatzeko gaur egungo moduarekin kritikoak gara. Europa demokratikoagoa eta deszentralizatua lortu nahi dugu, baita globalizazioak ezartzen dituen erronkei aurre egiteko hobeto prestatua egotea ere. EALek herrien Europa lortzea espero du. Europa harmoniatsua nahi dugu, elkarrekin lankidetza jarrerarekin lan egingo duten herri multzo batez osatua. Gure aniztasunaren aberastasuna babestu nahi dugu eta, aldi berean, Batasun sendoago batek eskaintzen dizkigun aukerei etekina atera nahi diegu. Hori lortzeko tresna politikoa subsidiariotasuna da, erabakiak hartzeko prozesua herritarrengana hurbiltzen baitu.
Erantzukizunak modu bidezkoagoan eta malguagoan banatu beharra dago, subiranotasun partekatuko esparru batean eta, horretarako bidea denek ahotsa eta botoa edukiko duten sistema elkarlotua sortzea da. EBren eta estatu autonomo eta erakundeen arteko bi aldeko lankidetza harreman baten alde egiten dugu.
Europako Aliantza Libreak 30 urte daramatza estaturik gabeko nazioen, herrien eta eskualdeen eskubideak defendatzen. Europako Legebiltzarrerako lehenengo hauteskunde zuzenak egin genituenetik, EALek autodeterminazio eskubidea eta sorterriko hizkuntzak zein hizkuntza historikoak hitz egiteko eta babesteko eskubidea defendatu du.Europar Batasunak gaur egun 27 estatu kide eta 23 hizkuntza ofizial dauzka. Haren erakundeetan, orain, katalana, euskara, galiziera, galesa eta Eskoziako gaelikoa ere erabiltzen dira, baina ez dira erabat ofizialak.
Zilegitasun demokratikoa edukitzeak gure kausa geldiezin bihurtzen du. Gure eskubide historikoak erabat gauzatzeko eta gure herritarren gizarte ongizatea zein gure herrialdeetako ekonomiak hobetzeko, Europan ordezkaritza zentzuduna izan behar dugu. Herrien Europa behar dugu.
Elkarren mendekotasuna gero eta handiagoa den mundu honetan, Europar Batasunak eskualdeei eta nazioei dagokien lekua eman behar die. Azken urteetan, bi estatu independente sortu dira: Montenegro (2006) eta Kosovo (2008). Eskozia, Gales, Katalunia eta Euskal Herria ere autodeterminazio nazionalerako eta Europako mahai nagusian toki propioa lortzeko bidean doaz. Herri eta nazio guztiek prozesu politikoan parte-hartze handiagoa izatea da orain gure erronka.
Autogobernua lortzea, deszentralizazioaren bidez, eta gure herrien nortasunen aitorpena; horixe da gure borroka politikoaren laburpena. EALeko kideok estaturik gabeko nazioek, eskualdeek eta estatu txikiek, denek batera, modu eraginkorragoan lan egitea nahi dugu, Europan erabakiak hartzeko prozesu demokratikoa hobetzeko. Herrien Europa nahi dugu. EALek ez du Europar Batasun monolitikorik nahi; hau da, estatu tradizionalak ordezkatu eta benetako boterea estatu kide handienen esku utziko duenik.
2009an, EALek bi arlotan egingo du ahalegina. Gure ordezkariek politika aurrerakoiak sustatzeko konpromisoa hartu dute.Gizarte baldintzak eta bizi-kalitatea hobetzeko ahalegina egiten dugu, baita aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko ahalegina ere. Garapen iraunkorraren printzipioa ere defendatzen dugu, ingurune garbi eta energia aldetik independentea izateak pertsonen bizi-kalitatea hobetuko baitu. Gure ideologia bat dator herriek gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat mundu hobea eraikitzeko duten gurariarekin.
Alabaina, gure herrialdeen gaur egungo egoera konstituzionala dela eta, ez daukagu Europako estatu kideek daukaten ordezkaritza maila eta, horregatik, Europan gure etorkizunari eragiten dioten funtsezko erabakiak hartzen direnean, atzean geratzeko arriskua daukagu. Egoera hori oinarri demokratikoen aurkakoa da eta, beraz, erreformatzearen alde lan egiten dugu. Arrazoi horregatik ere estatuen esparrutik kanpo aritzen gara, bai eremu nazionalean, bai eskualde eremuan, eta Europako estaturik gabeko nazioek zein herriek gure etorkizuna erabakitzen duten gobernu maila guztietan ordezkaritza egokia izan dezaten borrokatzen gara. Herrien Europa exijitzen dugu.
Ondoko alderdiek osatzen dute EAL:
Alands Framtid, Bayernpartei, Bloque Nacionalista Galego, Chunta Aragonesista, Die Friesen, Enotna Lista, Esquerra Republicana de Catalunya, Eusko Alkartasuna, Fryske Nasjonale Partij, Libertà Emiliana-Nazione Emilia, Liga Veneta Repubblica, Ligue Savoisienne, Lithuanian Polish People’s Party, Mebyon Kernow, Moravana, Mouvement Région Savoie, Omo Ilinden Pirin, Partei der Deutschsprachigen Belgier, Partido Andalucista, Partit Occitan, Partit Socialista de Mallorca i Menorca Entesa Nacionalista, Partito Sardo d’Azione, Partitu di a Nazione Corsa, Plaid Cymru-the Party of Wales, Rainbow- Vinozhito, Scottish National Party, Silesian Autonomy Movement, Slovenska Skupnost, Sociaal Liberale Partij, Strana Regionov Slovenska, Süd Tiroler Freiheit, Union Démocratique Bretonne, Union du Peuple Alsacien eta Unitat Catalana.
Ondoko alderdiek begirale gisa parte hartzen dute: Lista Per Fiume, Movimento per l’Indipendenza della Sicilia MIS, MMROP Hungarian Roma Party, ProDG, Renouveau Valdotaine, Südschleswigscher Wählerverband SSW eta Wendische Volkspartei SLS.

“DOKUMENTAZIOA” SAILAN DAUKAZU TESTU OSOA

 

PDF: Ikusi PDFa
Jatorria: Eusko Alkartasuna