Jesus Mari Larrazabalek interpelazio bat aurkeztu du Legebiltzarrean Osasun sailburuaren asmoak Kultura Sailaren eta Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren oniritzia duen ala ez jakiteko
EAko legebiltzarkide Jesus Mari Larrazabalek Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari eginiko interpelazio bat aurkeztu du gaur goizean aipatu sailburu horrek Legebiltzarrean Lopez Gobernuaren hizkuntz politika berria lan eskaintza publikoetan euskararen garrantzia murriztea izango den ala ez argi dezan, horixe baita Osasun eta Kontsumo sailburuak Osakidetzan egin nahi duena, berak publikoki adierazi duenez. Larrazabalen aburuz, hori Euskararen Erabilpenaren Normalizaziorako Legea ez betetzea litzateke, bai eta euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzea ontzat ematea ere.
EAko legebiltzarkideak interpelazioan nabarmentzen duenez, Kultura Sailari dagokio, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, Gobernu osoaren hizkuntz politika zuzentzeko, euskararen erabilpena sustatzeko eta hiritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzeko ardura. Beraz, dio Larrazabalek, “Kultura sailburuak azaldu behar du Osasun sailburuak iragarritako planek bere babesa duten ala ez eta euskara sustatzeko berak bultzatuko dituen lan-ildoekin bat datozen ala ez”.
Hau dela eta, Larrazabalek Osasun sailburuari galdetzen dio ea ados dagoen Osakidetzako hurrengo lan eskaintza publikoetan euskararen garrantzia murriztearekin, Osasun sailburuaren asmoak babesten dituen, lan eskaintza publikoetan euskara jakitearen balioa gutxiestea euskararen erabilpena sustatzeko eta euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko modurik onena den eta ea hori izango den hemendik aurrera Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lan-ildoa.
Jatorria: Eusko Alkartasuna