EAEko eta Nafarroako presidenteen biharko bilera une egokia izan daiteke Nafarroako hiruko Gobernuak (PSN-CDN-EA) 1996an sustatu zuen ekimena berreskuratzeko, Gasteizko zein Iruñeako Legebiltzarrek onartu zutena
Eusko Alkartasunak “Iruñeako zein Gasteizko Legebiltzarrek 1996an onartu zuten Organo Komun Iraunkorra berreskuratzeko” eskatu die Patxi Lopez lehendakariari eta Miguel Sanz Nafarroako presidenteari. EAren proposamen bati jarraiki, Nafarroako hiruko Gobernuak bultzatu zuen 1996an organo horren sorrera, garai hartan EAren gobernukideak ziren PSNren eta CDNren laguntzaz.
EAren iritziz, “albiste ona da EAEko eta Nafarroako bi agintariak, itxuraz behintzat, elkarlanean aritzeko erakusten ari diren borondatea, EAn gure ardurari eutsiz bai EAEn, bai Nafarroan beti eskatu dugun moduan”.
Edonola ere, ekimen hau argazki soil batean ez geratzea espero dugu Eusko Alkartasunan, eta Nafarroak eta EAEk elkarrekin lan egin dezatela interes komunen, kidetasunen eta bi erkidegoetako hiritarren arteko elkar aditzearen alde egiteko, bereziki kulturari, hizkuntzari eta azpiegiturei dagozkien arloetan. Gai hauen inguruan adosteko asmoa plazaratu duten arren, balizko akordio horien zentzua, izaera eta garrantzia ikusi beharko ditugu. Gainera, Nafarroaren eta EAEren arteko hitzarmenak behar dira autogobernua elkarrekin defendatzeko eta sektore-politika komunak garatzeko, adibidez, turismoan edota ingurumenean, hurbiltasun fisikoak, geografikoak eta sozialak horretara behartzen gaituztelako.
Hau dela eta, EAk ez dezatela bakarrik euren harreman ona antzeztu exijitu die Lopezi eta Sanzi; aitzitik, konpromiso finkoa eta iraunkorra erakutsi behar dute harreman on horrek hiritarren ongizatea hobetzea ekar dezan, gizartearen gehiengo zabal batek EAEren eta Nafarroaren arteko loturak sendotzearen aldeko apustua egiten baitu. Horretarako, Organo Komun Iraunkorra berreskuratzea modurik onena da elkarlanak lehenbailehen fruituak eman ditzan.
Harremanak sendotu edo propaganda egin?
EAren ustez, elkarlana bultzatzeko bilera honen beharra aspalditik dator, baina orain arte ezinezkoa izan da UPNk eta Miguel Sanzek beldur obesiboa eta irrazionala diotelako edozein sinbolo abertzaleri. Nafarroako eskuinaren eta PSNren iritzi aldaketa (orain harremanak sendotzearen aldekoak dira) abertzaleen kontrako frontearen eta aniztasun ideologikoa ukatzearen beste ondorio bat baino ez da. Miguel Sanzek arduragabekeriaz jokatu du orain arte, EAErekin batera geure interes komunak defendatzeak Nafarroako gizarteari mesede egiten dion heinean, Lehendakariarekiko harremanak aspaldian normalizatu behar izan zituen, eta horrela egin beharko du etorkizunean, haren iritzi politikoak gustukoak izan ala ez.
Foru Gobernuko presidenteak bere jarrera aldatzeko benetako borondatea baldin badu, EAEren eta Nafarroaren arteko harremanak sendotu behar ditu posible dituen arlo guztietan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna