EAk Bengoaren agerraldi eskeari eutsi dio eta talderen batek Osasun sailburuaren azalpenak ikerketa batzorde itxi batera mugatzeko tentazioa izan dezakeela ohartarazi du
Eusko Alkartasunak Ikerketa Batzorde Berezia sortzeko proposamena sinatu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak zenbait osasun zerbitzuren esleipenean aurkitutako ustezko irregulartasunak -‘Margüello auzia’ delakoa- azter eta argi ditzan eta erantzukizun politikoak, baldin baleude, garbi ditzan. Rafael Bengoa Osasun sailburuak iritzi publikoari irregulartasun horien berri eman zionean EAk adierazi zuen moduan, Legebiltzarra ezin da afera horretatik kanpo geratu; are gehiago, bertan argitu behar da gertatutakoa, bai eta balizko ardura politikoak garbitu ere.
Hau dela eta, EA Ikerketa Batzordea sortzearen alde dago; erabaki hau 1990az geroztik alderdi honetako kargu publiko guztiek sinatu behar duten Kode Etikoan oinarritzen da, Kode horrek bere 4. artikuluan zera dioelako: “Eusko Alkartasunako kargu publikoek edozein ikerketaren aldeko bozka emango dute, beraiei edota alderdiari dagokienean ere bai, iruzurrak edo influentzia-trafikoa direla-eta edo, oro har, duintasun politikoaren aurkako edozein portaera dela-eta balizko erantzukizunak garbitzeko”.
Modu honetan, EAk proposamen hau eransten dio Rafael Bengoa Osasun sailburuaren agerraldi eskeari. EAk hilaren 2an aurkeztu zuen eskakizun hori, Bengoak Margüello auziari buruzko txostena ezagutzera eman eta biharamunean, eta ez dio sailburua Osasun Batzordean agertzeari uko egingo, nahiz eta gero ikerketa batzordean ere agertu behar izan. Administrazio Publiko baten kudeaketan antzemandako ustezko irregulartasunez ari garenean oinarrizkoa den gardentasunaren mesedetan, EAren iritziz funtsezkoa da sailburua Osasun Batzordean ager dadila eta behar diren azalpenak bertan eman ditzala, komunikabideen aurrean, eta ez bakarrik ateak itxita biltzen den Ikerketa Batzorde batean. Zentzu horretan, EA legebiltzar-taldea erne egongo da beste talde batzuek Bengoaren agerraldia Ikerketa Batzordera mugatzeko izan dezaketen tentazioa saihesteko.
Jatorria: Eusko Alkartasuna