Garraio sailburuak Legebiltzarrean azalpenak eman ditzala eskatu eta proiektuak Txingudiko hezegunean izango duen eragin kaltegarriaz galdetu du Larrazabalek
Eusko Alkartasunak ustekabean eta atsekabez jaso du NAZE Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak exijitzen duen segurtasun tartea betetzeari begira Eusko Jaurlaritzak eta espainiar Gobernuak Hondarribiko aireportuko pista 200 metrotan luzatzeko itxi duten akordioa. Ustekabea eta atsekabea, lehenik, hitzarmen hori ez delako azpiegiturei eta bidaiarien garraioari buruzko ezinbesteko eztabaida sakon baten fruitua eta, bigarrenik, akordioa landu dutelako Eusko Legebiltzarraren eta Hondarribiko eta Gipuzko osoko hiritarrak ordezkatzen dituzten erakundeen iritziak kontuan hartu gabe. EAren aburuz, Iñaki Arriola Garraio sailburuak akordio hau Sustapen Ministerioarekin Hondarribiko eta, bereziki, Mendelu auzoko biztanleek ezer jakin gabe sinatu izanak ez du batere justifikaziorik, haiekiko mesprezu izugarria baita.
EA Hondarribiko aireportuko pista luzatzearen kontra dago proiektu horrek dituen gizarte eta ingurumen kostuak ikaragarriak direlako eta pista luzatzeak ekarriko lituzkeen ustezko etekinek ez dituztelako inolaz ere konpentsatuko. Zentzu horretan garrantzitsua da gogora ekartzea 2004an bai Eusko Jaurlaritzak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak, bai Donostiako, Irungo eta Hondarribiko Udalek aireportua luzatzearen aurkako txostena egin zutela, garai hartan ziotenez, “horrek ez duelako aireportuaren operatibitatea hobetzen, bere ingurunearen baldintza fisikoak eta urbanoak kontuan hartuta”.
AENA ere pista ez luzatzearen alde agertu zen 2005ean, eta espainiar Gobernua, berdin urtebete geroago, “plataformaren gaitasuna nahikoa dela aurreikusten den eskariari erantzuteko”. Geroztik zer gertatu den ikusita, gaur ez dago arrazoi objektiborik pistaren luzatzea justifikatzeko, eta are gutxiago egitasmo horren gizarte eta ingurumen inpaktua kontuan hartzen badugu. AENAk berak onartzen du gaur egun oso zaila izango dela, ia ezinezkoa, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen positiboa lortzea, pista luzatzeko Txingudiko hezegunearen zati garrantzitsu bat okupatu beharko litzatekeelako eta zonalde hori, duen balio ekologiko handia dela eta, Natura 2000 Sarearen barruan dago eta nazioarteko legediak babesten du.
EAren iritziz, ezinbestekoa da Hondarribiko aireporturako edozein plangintza ingurumenaren errespetuan oinarritzea; ez dugu ingurumen-inpaktu negatiborik onartuko eta baldintza hori ez da inolaz ere betetzen Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak sinaturiko akordioan. Sekulako arduragabekeria da pistaren luzatzea iragartzea, aldez aurretik horretarako derrigorrezkoak diren ingurumen-txostenak egin gabe.
EAk ez du akordio hori onartzen proiektuak ez duelako bere eragin soziala aintzat hartzen. Izan ere, aireportuko pista ia Mendeluko etxebizitzen ateraino iritsiko litzateke eta horrek segurtasun-arazo larriak sortuko lituzke, bai eta Hondarribiko auzo horretako biztanleen osasunerako arriskuak ere, horrelako azpiegitura guztiek eragindako kutsadura akustikoa dela eta.
Agerraldia eta galderak Legebiltzarrean
Arrazoi hauek guztiak direla eta, EAk Iñaki Arriola Garraio sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarreko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Batzordean, Sustapen Ministerioarekiko bere hitzarmenaren berri eman dezan eta akordio hori oinarritzen den txosten teknikoak azal ditzan.
Halaber, EAk hainbat galdera egin dizkio Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluri, ea zer nolako ingurumen-azterketak egin dituen bere departamentuak eta txosten horiek aireportua luzatzearen bideragarritasuna justifikatzen duten, bere gobernukideak planteatzen duen bezala.
Jatorria: Eusko Alkartasuna