Hala eta guztiz ere, EiTB den guztia, programazioa eta eduki ideologikoak, zorrotz zainduko ditu EAk, ohartarazi du Jesus Mari Larrazabalek
EAJ, PSE eta PP akordio batera iritsi dira EiTBko Administrazio Kontseiluan Eusko Legebiltzarraren ordezkaritza beraien eta Aralarren artean banatzeko eta, aldi berean, Talde Mistoa erakunde horretatik kanpo uzteko. Hitzarmen hori, hala ere, erabat salagarria da Jesus Mari Larrazabal Eusko Alkartasunako legebiltzarkidearen iritziz, “Talde Mistoaren bazterketa Legebiltzarreko pluraltasun politikoaren aurkako erasoa baita”. Herri Kontuen Euskal Epaitegian gauza bera gertatu zela gogora ekarri eta gero, EAko parlamentarioak “akordio hori sinatu duten talde politikoentzat Eusko Legebiltzarreko pluraltasuna Talde Mistoa hasten den puntu berean amaitzen” dela salatu du.
Gauzak horrela, Larrazabalen aburuz, “Patxi Lopezek eta PSEk etengabe egiten dituzten adostasunaren aldeko deiek izan dezaketen sinesgarritasun osoa galtzen dute EITBko Kontseilua bezalako erakunde batean, edo Herri Kontuen Epaitegian lehenago, euskal gizartearen ordezkaritza adierazgarri bat baztertzea erabakitzen dutenean, legegintzaldi-hasiera honetan Talde Mistoa mesprezu sistematikoa jasaten ari baita”.
Administrazio Kontseilutik kanpo geratu arren, “EAk EiTB den guztia, programazioa eta eduki ideologikoak, zorrotz eta etengabe zainduko ditu”, ohartarazi du legebiltzarkide abertzaleak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna