Jesus Mari Larrazabal legebiltzarkidea buru izango duen EAren ordezkaritza izango da ekitaldian
Eusko Alkartasunaren ordezkaritza batek, Jesus Mari Larrazabal legebiltzarkidea buru izanik, parte hartuko du bihar 12.00etan Donostiako Boulevard-ean Lau Haizetara Gogoan taldeak genozidio frankistaren biktimei egingo dien omenaldian. EAk bat egiten du, baita ere, Egiaren Batzorde bat sortzeko eskaerarekin, diktadura frankistaren biktimei argia, egia, justizia eta ordaina eskaintzearren eta horrelako krimenak inoiz ez direla errepikatuko bermatzeko neurriak hartzearren.
EAren ustez, eskari honek gaurkotasun osoa du, diktadorea hil zenetik 34 urte igaro diren arren, azken hilabeteotan Euskal Herrian talde faxisten erasoak ugaldu egin baitira, “eta, dakigunez, Ertzaintzak ez ditu oraingoz egileak atxilotu. Talde ultra eta faxista horiek zigorgabetasunean mugitzen direla agerian uzten du horrek, bai eta Herrizaingo Sailak ez duela beti neurri bera erabiltzen ere, presoen argazkiak eramateagatik jendearen kontra jotzeko agintzen duen bitartean, eraso faxista horien aurka oraindik ez dugulako inongo ekintzaren berri izan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna