Jesus Mari Larrazabalek galdera bat aurkeztu du Legebiltzarrean Mendiak azal dezan nola ospa daitekeen Estatutuaren urteurrena 30 urte bete gabe daramatzanean eta betetzeko inolako perspektibarik ez dagoenean
Eusko Alkartasunaren iritziz, Jaurlaritzak iseka egiten dio euskal gizarteari gaurdanik ETBk Autonomia Estatutuaren 30. urteurrena ospatzeko igortzen duen bideoarekin. Jesus Mari Larrazabalen esanetan, “sarkasmo hutsa da, ezin delako ezer ospatu Estatutuak 30 urte bete gabe daramatzanean eta, gainera, etorkizunean betetzeko inolako perspektibarik ez dagoenean”. EAko legebiltzarkideak gai honetan “PSOEk duen izugarrizko ardura” nabarmendu eta salatu du; izan ere, “sekulako burla da Estatutua ez betetzen gehien ahalegindu diren berberak orain ospakizunezko bideoak egiten ibiltzea. Zer ospatu nahi dute, 30 urte daramatzatela Estatutua urratzen eta beste 30 urte igaro nahi dituztela horrela?”.
Jaurlaritzaren ekimen hori dela eta, Larrazabalek galdera bat aurkeztu du Legebiltzarrean Justizia eta Herri Administrazio sailburu Idoia Mendiak osoko bilkuran bideo horren zergatia azal dezan gaur egun Estatutua sistematikoki urratzen denean. Horrexegatik EAko agintariak Patxi Lopezen Gobernuari beste bideo bat egiteko eta ETBtik igortzeko eskatu dio, “baina kasu honetan euskal gizarteari azaltzeko zergatik 30 urte hauetan ez den Estatutua bete eta zergatik ez den inoiz beteko, derrigorrez bete beharreko lege organikoa den arren”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna