Jesus Mari Larrazabalek beldur die aurrekontuek, PPren eskutik, euskara, hezkuntza eta kultura arloetan izango dituzten ondorio larriei
Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkide eta Euskadiko Batzorde Eragileko kideak salatu duenez, PSE eta PPren arteko aurrekontu-akordioak, dirudienez EAJk ere babestuko duenak, “ez dio ezer onik ekarriko euskal gizarteari, funtsezkoak diren hainbat puntutan sozialistek eta popularrek dituzten iritzi kontrajarriak kontuan hartzen baditugu, esaterako, politika sozialetan, ekonomikoetan eta sektorialetan, zerga-politikari dagozkion oinarrizko desadostasunak ez aipatzeagatik”
Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bere aurrekontuen proiektua noiz bidali zain, EAko agintariaren aburuz, PSEk eta PPk hitzartutako kontuak ez dira krisi ekonomikoaren aurkako tresna eraginkor bat izango, “Patxi Lopezek azken hilabeteotan egindako kudeaketak ez digulako baikorrak izateko aukerarik ematen”. Horregatik, Larrazabalek kezkaz hartu du EAJ ere aurrekontu hori babesteko prest agertu izana, “proiektu hori ez baita herri honek une honetan behar duen erantzuna”.
Gainera, EAko legebiltzarkideak PP eztabaida horretan jokatzen ari den paperaz ohartarazi du, “hirugarren batekin, EAJrekin kasu honetan, lor daitekeen edozein akordio PPk kontrolatzen baitu, eta horrek ondorio larriak izango ditu zenbait sektore garrantzitsutan, hala nola euskara, kultura eta hezkuntzan, hiru adibide argi aipatzearren”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna