Indar abertzale eta subiranisten arteko elkarlanak ilusioa berpizkuko luke euskal gizartean, adierazi du Pello Urizarrek

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak bere gogoeta-prozesua aurrera eraman dezala eskatu dio ezker abertzaleari, bai eta bere iritzi ofiziala lehenbailehen zehaz dezala ere, “abertzaleen arteko gutxienezko akordioetara” iritsi ahal izateko. Europa Press agentziak jaso duen Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean Urizarrek EAk orain, azkeneko Biltzar Nagusiaren ondoren, ahots bakarra duela nabarmendu du.

 

EAk ez du gaur Nazio Eztabaidagunean parte hartu, Urizarrek berak azaldu duenez, bertan aurkeztu behar den agirian ez delako behar bezala zehazten “bide zibilen eta politikoen aldeko apustua”. EAk, adierazi du idazkari nagusiak, ez du bere botoemaileekin duen konpromisoa hipotekatuko.

 

Dena dela, nabarmendu du, “aukera asko daude oraindik aurrera egin ahal izateko”, baina, hori bai, “ETAk esan dezakeenak ez dio batere axola EAri”, erakunde horren gogoetak “beste dimentsio batean daudelako”.

 

Azkeneko hauteskundeetan abertzale askoren bozak abstentzioan geratzen direla deitoratu ondoren, Pello Urizarrek “abertzaleen arteko elkarlanak jende horren ilusioa berpizteko” balio dezakeela azpimarratu du, eta ezker abertzalea ere horren ildoko hausnarketa egiten ari dela deritzo. Horregatik Otegiren, Diez Usabiagaren eta ezker abertzaleko beste hainbat buruzagiren atxiloketak salatu ditu, “lan positibo bat egiten ari zirelako”.

 

Bere iritziz, ezker abertzalearen borondatea benetakoa da, baina, “guztia ETA den abiapuntutik hasita, mundu horretan egon daitekeen edozein mugimendu gaitzetsi eta bertan behera utzi daiteke, eta, zoritxarrez, egungo egoeran ezin dugu horrelakorik egin”. “Ezker abertzaleari bere jarrera ofiziala eta publikoa lehenbailehen zehaz dezala eskatzen diogu, gutxienezko akordioetara iritsi ahal izateko, horixe delako euskal gizartearen gehiengoak nahi duena”, adierazi du EAko idazkari nagusiak.

 

Jatorria: Europa Press