Udalari eta udal talde guztiei hiritarren parte-hartzea hauteskundeetan bozak lortzeko bakarrik interesatzen zaie, salatu du Helena Gartzia Bilboko EAko koordinatzaileak
Bilboko Eusko Alkartasunak Auzo-Elkarteen Federazioa Hiri-Kontseilu berritik kanpo uzteko udal gobernuaren erabakia eskandalagarria dela salatu du, eta are eskandalagarriagoa Azkunaren gobernuaren erabaki horrek udal talde politiko guztien babesa jaso duela kontuan hartuta.
Helena Gartzia Bilboko EAko bozeramaile eta koordinatzailearen esanetan, “auzokideen ordezkariak Hiri-Kontseilutik kanpo uzteko erabaki arbitrario hori bilbotarrei iruzur egitea da, beraiek direlako, auzo-elkarteak, auzo bakoitzaren beharrak lehen eskutik ezagutzen dituztenak”.
Bilboko auzo-elkarteen %80 Federazioan dagoela gogorarazi du Bilboko EAk eta, bere irudiko, erakunde hori Hiri-Kontseilutik kanpo uzteko erabakiaren atzean dagoen benetako helburua “udal jarduera pairatzen dutenen ahotsa isiltzea besterik ez da”. Izan ere, Hiri-Kontseiluan auzo-elkarteek hiriko proiektuei buruzko euren iritzia emateko aukera izango zuten.
Horren harira, salatu du Gartziak, “erabaki antidemokratiko hau ikusita, bilbotarrek gogoan hartu behar dute Udalari eta udal talde politiko guztiei hiritaren parte-hartzea ez zaiela batere interesatzen, hauteskundeetan bozak lortzeko ez baldin bada”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna