Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Zumaian izandako eztabaida gunean parte hartu du gaur.
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek EAk “gehiengoen balioa” aldarrikatzen duela adierazi du gaur Zumaian, alderdiko afiliatuekin batera egindako jardunaldian. Gehiengo demokratikoak aldarrikatzeaz gain, Urizarrek herri honetako gehiengoa abertzalea dela gogorarazi du, “burujabetza osoa lortzeko lanean jarraitzeko borondatea duen herri bat”, hain zuzen ere.
Euskal Herriko egungo egoera politikoari eta normalizazioa eta bakea lortzeko bideei buruzko gogoeta egin du EAko afiliazioak eta Urizar pozik azaldu da afiliatuen ekarpenak ikusita. Egoera politikoa ez da batere normala, salatu du EAko buruzagiak, Eusko Legebiltzarrak iragan ostegunean agerian utzi zuenez. Izan ere, “PSEk, PPk eta UPyDk (486.493 boto) gehiengo artifiziala inposatu zuten EA, EAJ, Aralar eta EBren aurrean (536.683 boto) eta beren hautu politikoaren alde egitea ezinezko izan zuten milaka lagunen aurrean Batasunaren ilegalizazioari buruzko Estrasburgoko Auzitegiaren epaia babesteko”.
Urizarren irudiko, “PSE eta PP eroso daude egoera honetan beren ordezkaritza instituzionala puztu eta handiagotzen delako euskal gizartearen benetako isla ez den arren; gizartearen zati bat baztertzea erabaki zuten eta hori ez da demokratikoa”.
Egoera honi aurre egiteko, EAko idazkari nagusia funtsezko oinarri demokratiko bi aplikatzearen alde agertu da: giza eskubideak errespetatzea eta gehiengoak onartzea, “Euskal Herriak ezin duelako gehiengo sozialaren aurka egiten duen gobernu bat onartu”.
Argazkiak flickr.com-en
Jatorria: Eusko Alkartasuna