EAko bozeramailearen ustez, Aldundiak aurkeztutako aurrekontuek ez dute krisi ekonomikoaren konponbide egokia bermatzen. Zuzenketak aurkeztu ditu gizarte gastua, sustapen ekonomikoa eta berrikuntza, herri lanak, ingurumena eta oroimen historikoa sustatzeko eta, horiek onartu ezean, ez ditu aurrekontuak babestuko.
EAk Bizkaiko Batzar Nagusietan duen bozeramaile Joseba Gezuragak Foru Aldundiak 2010erako aurkeztu duen aurrekontu proiektua kritikatu du nahikoa ez delako eta oinarrizkoak diren hainbat arlotan (gizarte gastua, berrikuntza edota enplegua) gabezia handiak dituelako. Gezuragaren iritziz, proiektu horrek ez du krisi ekonomikoaren konponbide egokia bermatzen eta horren ondorioz, EAk ez du aldeko botoa emango.
EAk zatikako 26 zuzenketa aurkeztu ditu gizarte gastua, sustapen ekonomikoa eta berrikuntza, herri lanak, ingurumena eta oroimen historikoa sustatzeko. Guztira, 16 milioi euroko inbertsioak proposatu ditu EAk zuzenketa horien bitartez. Izan ere, “krisialdian egonda, ulertezina da Aldundiak gizarte gastuan, sustapen ekonomikoan eta berrikuntzan aurrekontua murriztea. Bitxia da Bizkaian EAJk hori murriztea eta aldi berean Jaurlaritzak bere aurrekontua igo dezala eskatzea”.
Gizarte politikari dagokionez ere, Aldundiaren proiektua eskas geratzen dela uste du EAk, eta horregatik aurrekontua igotzeko lau zuzenketa aurkeztu ditu, “kalitatezko gizarte zerbitzu publikoak bermatzeko asmoz”. EAJren proiektuak ez du eskaintza publikoa bermatzen eta zerbitzuen pribatizaziora jotzen du, salatu du Gezuragak. Halaber, krisiaren eragina pairatzen ari diren familientzako diru laguntzen tramitazioa arintzearen garrantzia azpimarratu du.
Labur esanda, azaldu du EAko bozeramaileak, “EAren zuzenketak arrazoizkoak dira eta aurrekontu proiektuaren gabeziak zuzentzen dituzte; zuzenketa horiek egin ezean, EAk ez du aldeko botoa emango”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna