Jesus Mari Larrazabalek aurrekontu proiektuak arazo partzialei erantzun partzialak ematen dizkiela salatu du eta egiten ari dena, hau da, EAEko euskal izaera desegitea, legitimatzeko unibertso sinbolikoak egituratzea egotzi dio Jaurlaritzari.
Eusko Alkartasunak 2010eko aurrekontu lege proiektua Jaurlaritzari itzultzeko eskatu du gaur goizean Legebiltzarrean, Jesus Mari Larrazabalen esanetan, “Euskal Autonomia Erkidegoko behar ekonomikoak eta sozialak asetzen ez dituelako”. EAko bozeramaileak salatu duenez, Lopez Gobernuak proposaturiko aurrekontuak “erantzun partzialak ematen dizkie arazo partzialei eta ez da kokatzen 2010ari begira EAEn eta Europar Batasunean egiten diren aurreikuspen makroekonomikoen barruan”. Horren ondorioz, Larrazabalen ustez, “proiektuak ez du laguntzen Euskadik behar duen sustapen ekonomikoa eta garapena indartzen”.
EAko legebiltzarkideak kezkagarritzat jotzen du inbertsioen jaitsiera, %38,5ekoa, “hain justu inbertsio publikoa sustatzea krisi ekonomikoari aurre egiteko ezinbestekoa denean”. Halaber, zor publikoaren erabilera kritikatu du Larrazabalek, portzentaia onargarria izan arren, “inbertsioak ez ezik, aurrezki negatiboa ere finantzatzeko erabiltzen delako eta euskal ekonomia berpizteko eragin positiboa izan dezaketen inbertsioak behar bezala sustatzen ez dituelako”.
Zerga politika ere hizpide izan du EAko ordezkariak, gai horrek funtsezko pisua baitu diru sarreren aurrekontuan. Salatu duenez, zerga politikak ez du elkartasun printzipioa behar bezala aintzat hartzen eta ez du Ongizate Estatuari eusteko ezinbestekoa den diru-bilketa bermatzen.
Azkenik, aurrekontuaren norabidea PPk inposatu duela gaineratu du Larrazabalek, “eta horren ondorioak larriak dira hainbat arlotan, besteak beste, hizkuntza politika, kultura eta hezkuntza”. “Izaera nazional espainolean oinarritutako aurrekontua dugu hau”, salatu du, bai eta “Jaurlaritza egiten ari dena, hau da, EAEko euskal izaera desegitea, legitimatzeko unibertso sinbolikoak egituratzen” dituela ere.
Jatorria: Eusko Alkartasuna