EAk saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du.
Eusko Alkartasunak datozen egunotan Euskal Herrian Aminatou Haidarren alde egingo diren ekitaldietan parte hartuko du, saharar herriaren eskubideen aldeko ekintzaileari elkartasuna eta babesa adierazteko asmoz. Haidarren egoera saharar herriak pairatzen duen gatazkaren ondorio da. Haidar El Aaiunetik kanporatu izanak sahararren aurkako Marokoko Gobernuaren errepresioa agerian utzi du berriz ere.
Saharako gatazkak sustrai politikoak ditu eta konponbide politikoa behar du, beraz. Autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokak nazioarteko komunitatearen erantzun egokia merezi du. EAk Aminatou Haidarri babes osoa adierazten dio eta Maroko presionatzeko exijitu dio espainiar Gobernuari, Haidar Mendebaldeko Saharara aske itzuli ahal izan arte. EAk sahararren autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapenari eutsiko dio eta horren inguruko Nazio Batuen ebazpenak bete daitezela eskatzen du.
Jatorria: Eusko Alkartasuna