Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren erabakiei aurre eginez, Ricardo Burutaranek adierazpen instituzional bat aurkeztu du, Donostiako udal osoko bilkuran eztabaidatzeko, Zubietako eta Igeldoko Eskola Txikien sustapena eta biziraupena eskatuz.
Ricardo Burutaran Donostiako EAko udal bozeramaileak Eskola Txikiek hezkuntza sisteman duten garrantzia aldarrikatu du gaur prentsaurrekoan, auzo eta herri batzuek dituzten beharrei erantzuna ematen dietelako, Donostiako kasuan Zubietako eta Igeldoko eskolek egiten duten bezala.
Burutaranek gogora ekarri duenez, Administrazio Publikoek hiritarren beharrak asetu behar dituzte eta hori da Eskola Txikiek egiten dutena, hauek eskarmentu handia baitute eta hezkuntza etapa guztietan duten gaitasuna soberan erakutsi baitute. Hala ere, EAko zinegotziak salatu duenez, Hezkuntza Saila datorren ikasturteari begira hartzen ari den erabakiak eskola horien aurkakoak dira; adibidez, Zubietako Eskola Txikiak egiten duen eskaintza mugatu eta murriztu nahi du Jaurlaritzak, nahiz eta horrek 14 ikaslek zentro horretatik atera behar izatea ekarriko duen”.
EAko zinegotziaren iritziz, Administrazioak hezkuntza publikoa sustatu behar du, baina beti tokiko ezaugarriak kontuan hartuz eta errespetatuz. Ildo horri jarraituz azaldu duenez, Jaurlaritzak Eskola Txikien jarduera murriztu nahi du, ez derrigorrezko hezkuntza bakarrik eskain dezaten, baina horrek ikastetxe horien behin betiko itxiera ekar dezake beren eskaintza erakargarria ez izateagatik. Gainera, nabarmendu du, Zubietako Eskola Txikiak Hezkuntza Sailaren 21/2009 Dekretuak, otsailaren 2koak, ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna