Jesus Mari Larrazabal Jesus Mari Larrazabalek salatu duenez, orain arte erabilitako irizpidea alde batera utzi du Mahaiak, euskal presoaren askapena eskatzen duen EAren legez besteko proposamena presako prozeduraz ez tramitatzeko.

Eusko Alkartasunak kexa formal bat aurkeztu behar izan du berriz ere Eusko Legebiltzarreko Mahaian, organo horrek Jesus Mari Larrazabalen legez besteko proposamen bat presako prozeduraren bidez tramitatzeari uko egin diolako. EAren ekimenak, osasun arrazoiak direla eta, Juan Jose Rego Vidal presoa aske uzteko eskatzen du, baina Mahaiak ez du presaz tramitatzeko eskaera onartu eta horren inguruko erabakia Giza Eskubideen Batzordera desbideratu du. Erabakia hartzeko ahalmena, eta obligazioa ere, duen arren, Mahaiak Giza Eskubideen Batzordeak EAren eskaera aintzat hartzea komenigarria izango zela adierazi baino ez du egin.
Gauzak horrela, Jesus Mari Larrazabalek Mahaia osatzen duten bost legebiltzarkideei EA diskriminatzea egotzi die, “haien erabakiak orain arte horrelako kasuetan erabili diren irizpideak aldatzen dituelako; ezberdintasun bakarra proposamena EAk egin duela da eta, dirudienez, hori aski da eztabaida zehatz batzuk oztopatzeko eta atzeratzeko, esaterako, Rego Vidalen egoera salatzen duena”.

Bere erabakia justifikatzeko, Mahaiak argudiatzen du Erregelamenduak ez duela ekimenak batzordeetan presako prozeduraz tramitatzea aurreikusten; orain arte, ordea, Mahaiak ez du inolako arazorik izan batzordeetan ere ekimenak presaz tramitatzeko. EAko bozeramailearen hitzetan, “diskriminazioa ezin daiteke argiagoa izan; aurrekariak daude eta Mahaiak inoiz ez du Erregelamendua baliatu eztabaida atzeratzeko. Gertatzen dena da Mahaiak ez duela eztabaida hori nahi, atzeratzea nahiago du, gure eskaria atzera botatzeko ardura Giza Eskubideen Batzordeko kideek har dezaten”.

Larrazabalek salatu duenez, argi dago, beraz, Mahaiak modu batean ala bestean jokatzen duela segun eta nork sinatzen dituen ekimenak, eta ez Erregelamenduak dioenaren arabera”.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna