Jesus Mari Larrazabalek Hezkuntza Sailari ohartarazi dio indarrean dagoen ereduen sistema gainditzeak derrigorrez euskara hizkuntza nagusi izango duen eredu bakarrera eraman behar duela.
Eusko Alkartasunak pozik jaso ditu 2010-11 datorren ikasturterako aurrematrikulazioaren datuak, “aldez aurretik genekiena berretsi dutelako, euskal gizarteak eredu euskaldunen aldeko apustua egiten duela, batez ere D ereduaren alde, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian eta baita ere Araban, eta A eredua, aldiz, oso bazterrekoa dela”, Jesus Mari Larrazabalek nabarmendu duenez.
EAko legebiltzarkidearen ustez, datuek agerian uzten dute, “PPren presioen gainetik, euskal gizarteak eskatzen duena euskara ardatz izan behar duen hezkuntza eredua dela”; ondorioz, erantsi du Larrazabalek, “Hezkuntza Sailak herri borondate horren arabera jokatu behar du”. EAko agintariaren esanetan, “aurrematrikulazioaren datuak ikusita, Isabel Celaak argi izan behar du ereduen sistema gainditzeko eta eredu eleanitza ezartzeko emango duen edozein urratsek egungo D ereduan oinarrituta egon beharko duela, euskarak irakaskuntzako lehenengo hizkuntza, hizkuntza nagusia, izan behar duelako; horrela egiten ez badu, euskal gizartearen kontra jardungo du”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna