Eusko Jaurlaritza Arabako Parke Teknologikoko ustezko irregulartasunen jakinaren gainean dagoen Bernabe Unda sailburuak Legebiltzarrean argitzea nahi du Larrazabalek.
Gasteizko 4. Instrukzio Auzitegiak Miñaoko Parke Teknologikoko ustezko ustelkeria auziaren sumarioari sekretua kendu eta gero, Jesus Mari Larrazabalek gaia eramango du datorren ostiralean Legebiltzarreko Kontrolerako osoko bilkurara. EAko legebiltzarkideak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuari egindako galdera aurkeztu du gaur bertan, sailburuak argi dezan ea Jaurlaritza Julian Sanchez Alegria EAEko Parke Teknologikoen Sareko presidente ohiak eta Miren Lourdes Bilbao Miñaoko Parke Teknologikoko egungo zuzendari teknikoak ustez egindako irregulartasunen jakinaren gainean dagoen ala ez.
EAko bozeramaileak gogorarazi duenez, besteak beste, Sanchez Alegria eta Bilbao inputatu gisa agertzen dira sumarioan, Alfonso Arriola Miñaoko parkeko gerente ohia bezala. Larrazabalen iritziz, sumarioak “parke teknologikoan orain arte egindako lana zalantzan jartzen du” eta, horren ondorioz, “ezinbestekoa da sailburuak Industria Sailaren barne ikerketaren emaitzaren berri ematea eta ustezko irregulartasunei buruzko balorazioa egitea”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna