EAk Bizikidetza Demokratikorako Planari emaniko ezezkoa berretsi du, bakerako hezkuntza plana izateari utzi diolako. Jaurlaritzak hezkuntza eragileei erdeinu egin diela salatu du eta ikastetxeen autonomia erabil dezala eskatu dio hezkuntza komunitateari, planaren aplikazioa saihesteko. EAren iritziz, lehendakariak barkamena eskatu beharko lioke euskal gizarteari, nolabait ETAren konplizea izatea leporatu diolako.
Eusko Jaurlaritzak Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plana aurkeztu du gaur arratsaldean Legebiltzarrean eta Eusko Alkartasunak horren aurkako jarrera berretsi du, planak bakerako hezkuntza plana izateari utzi diolako, Jesus Mari Larrazabalek behin eta berriro salatu duenez. EAko legebiltzarkideak ezin izan du eztabaidan parte hartu, osasun arazoak direla eta.
EAren iritziz, Jaurlaritzak terrorismoaren aurkako borrokaren beste atal bat balitz bezala planteatu du hasieratik plan berria, eta hori jatorrian bertan dagoen akats larria da. Hori dela eta, EAk hezkuntza eta terrorismoaren aurkako politika nahasteko arduragabekeria egotzi dio lehendakariari, bai eta plan horren edukiak hezkuntza eragileekin eztabaidatzeari eta adosteari uko egitea ere. Jaurlaritzak hezkuntza komunitateari erdeinu egin dio eta, horregatik, EAk ikastetxeen autonomia erabiltzeko eskatu die sektore horretako eragileei, planaren aplikazioa saihesteko.
Planak ETAren biktimak bakarrik aintzat hartzen ditu, eta hori partziala, diskriminatzailea eta bidegabea da, EAren ustez, herri honetan zoritxarrez ETArekin zerikusirik ez duten beste indarkeria mota batzuk egon badaudelako. Halaber, bereziki larria da euskal gizarteari terrorismoaren aurrean portaera aldatzeko etengabe eskatzea; izan ere, eskakizun horren atzean PSEren eta PPren tesia agertzen da, alegia, euskal gizartea orain arte nola edo hala ETAren konplizea izan den tesia. Hori onartezina eta lehendakariak barkamena eskatu beharko lioke herritar bakoitzari, astakeria hori intsinuatzea sekulako iraina delako.
Jatorria: Eusko Alkartasuna