El secretario general de EA considera que el acuerdo suscrito el domingo es consecuencia de haber decidido en el congreso de 2009 mantener el camino por la independencia. A continuación, la entrevista íntegra publicada en BERRIA:
Hizketan tonu apalean ari den arren, nekeari egotzi dio hori Urizarrek (Arrasate, 1968), ilusio faltaren arrazoia baztertuta. Apustua egina dagoela dio, eta ez duela atzera bueltarik.
Igandeko ekitaldian hazia sortu zenutela adierazi zenuten. Hitzarmena bide oso baten abiapuntua dela. Hemendik aurrera, zer?
Oinarri estrategikoak dira hitzartutakoak, eta, beraz, ikuspuntuak luzera begirakoa izan behar du. Orain, oinarri horietan sakondu behar dugu, kontuan izanda helburua Euskal Herria subiranotasunaren bidean jartzea dela, soilik bide baketsu eta politikoak erabilita. Hau hilabete luzeetako lanaren emaitza da. Tentuz egin da, poliki-poliki, halakoak sortzen direnean zapuzteko tentazioak egoten baitira. Ezinbestekoa da bake prozesua bukaeraraino eramatea. Badakigu ETAk bere posizioa argitu behar duela eta argi daukagu ezker abertzaleak alde horretatik erabakia hartua duela. Bide horretan sakonduz joan behar da behingoz gatazka armatua amai dadin, eta horrek ekarriko du beste erakunde edo alderdi batzuekin lan egiteko aukera. Baina kontuan izan behar da gatazka armatua sei hilabetean konpontzea ez dela posible eta independentziarako bidea ere luzea izango dela. Mendeetako arazoa dago oinarrian.
Zer esan nahi duzue apustua estrategikoa dela esaterakoan?
Apustu estrategikoak helburu argia du: Euskal Herria Europan estatu bat izatea. Apustua sakonekoa da. Badaude interesak esateko hauteskundeei begirakoa dela, baina guk argi daukagu: EAren apustua hauteskundeei begirakoa balitz, 2009an EAJrekin jarraituko genuke, instituzioetan egoteko bermearekin; baina independentziarako bidea ezin genuenez haiekin egin, beste batzuekin lanean hastea erabaki genuen. Gure helburua argia da: Euskal Herria independentea izan dadila. Eta bide horretan arriskatu egin genuen: batzuek ez badute nahi, beste batzuekin hasiko gara lanean, betiere soilik bide politikoak erabilita.
Halere, urratsa egiteko baliabide gisa ikusten dituzue hauteskundeak?
Hauteskundeak garrantzitsuak direla argi dago, alderdiek hauteskundeen bidez jasotzen dutelako herritarren babesa. Baina hori nola egituratuko den erabakitzeke dago: 2011rako izan daitekeen edo ez. Ezker abertzaleak bere marka propioa izan nahi du, eta normala da, baina ez dakigu zer gertatuko den. Ezker abertzalea gure zerrendetan sartuko dugula edo gure siglak ezker abertzaleari eman dizkiogula esaten dutenak gezurretan ari dira, eta modu interesatuan, gainera. Horretaz ez da sekula hitz egin. Gu alderdi bezala sendotzen ari gara eta etorkizunak esango du zer datorren, sei hilabete barru ez dakigulako zein egoera izango dugun. Aukera badago, gu gure ekarpena egiteko prest egongo gara. Baina hori ikusiko da bere momentuan.
Gatazka konpontzeari eman diozue lehentasuna. Zer-nolako prozesuaren bidez etor litekeela uste duzu?
Orain dagoen desberdintasun nagusia da ezker abertzaleak aldebakarreko apustua egin duela, Espainiako estatuak zer emango duen zain egon gabe. Hala ere, Estatuak ere ekarpena egin beharko du, zeren ezin dugu espero irabazle eta galtzaileen konponbidea iraunkorra izango denik. Denon arteko akordioarekin heldu behar dugu konponbidera, soilik horrela bermatuko baita iraunkorra izatea. Igandeko ekitaldiak erakutsi du ezker abertzaleak bide soilik politiko eta baketsuen aldeko apustua egiten duela. Eta bide armatua xake mahaitik ateratzeak Europako presioa areagotzeko aukera emango luke.
Espainiako Gobernuak presio horri erantzungo liokeela uste duzu?
Momentu honetan ez. Ez dakit hemendik sei hilabetera zer gertatuko den, baina guk dugun informazioagatik behintzat, oraingoz ez du aldatzeko borondaterik. Batzuek diote, Zapateroren egoera txarra ikusita, aurrera egiteko duen aukera bakarra dela ETAren bukaera gauzatzea. Baina ez dakit hausnarketa horiek funtsik baduten edo ez.
Eta, nola ikusten dituzu gainontzeko euskal alderdiak?
Jakin badakigu batzuk prozesu honetan sartuko direla azkenean. Beste batzuk mesfidantza apur batekin daude, eta normala da. EAn eta ezker abertzalean ere izan dira mesfidantzak, eta izango dira oraindik. Bakoitzak bere jatorriak ditu, desberdintasunak nabariak dira, eta beraz, mimetismorik ezin da izan. Guk pausoa emateko erabakia hartu dugu eskatzen genituen bermeak jaso ditugulako eta arriskatzeak merezi duela uste dugulako. Beste batzuk bide gehiago egin behar dute oraindik. Eta, beste kasu batzuetan badaude interes alderdikoiak. Baina bide honek etorkizunik badu, eta izango du, bere posizioa birdefinitu beharko dute.
Nori buruz ari zara?
Ez dut uste EAJ orain hemen sartuko litzatekeenik. Oraindik hiru diputazio ditu, indarra dauka eta oraingoz ez du mugimendurik egin nahiko. Baina badakigu Ibarretxek jaso zituen 400.000 botoetako asko ez direla EAJrenak, eta gainera, 2001etik boto abertzale asko etxean geratzen direla ez dugulako ilusioa piztea lortu. 150.000 inguru direla diote. Honek sortu dezakeen ilusioak mapa politikoa aldatzea ekar dezake.
Apustua irekia dela diozue. Zer espero daiteke?
Aralarrek ere hemen egon behar luke. Gauza da Aralarrek eta ezker abertzaleak konfiantza falta dutela. Baina egon behar duela uste dut eta hala izan dadin saiatuko gara. Eta, oraindik ofizialki egituratuta ez dagoen arren azken hilabeteotan subiranismo apustu honekin bat egiten duen beste indar bat Alternatiba da. Biek hemen egon behar dutela uste dut, eta egongo direla.
Apustu honen indar nagusia herritarrak izango direla adierazi duzue. Nola ikusiko da atxikimendu hori?
Prozesuak atzera bueltarik izan ez dezan gizarteak inplikatuta egon behar du. Alderdi politikoek bertan egon behar dute, eta sindikatuek dinamika orokor batetan. Baina badaude Independentistak edo Adierazi EH bezalako plataforma eta sareak herritarrek lan egin dezaketena. Dinamika bat sortu behar da denen artean eta gizartea inplikatu. Inplikatzen bada, ez dago atzera bueltarik.
Nola jaso du EAko oinarriak ezker abertzalearekin elkarlanean aritzeko erabakia?
Duela urtebete izan genuen kongresuan mandatu bat jaso genuen: abertzaletasunaren egoera ikusita zerbait egin behar zela eta alderdi abertzaleen arteko elkarlana sustatu behar zela. Azaroko konferentzia politikoan lankidetzarako oinarri politikoak zehaztu genituen eta bide horri jarraitu diogu. Denek ez dute berdin hartu eta mesfidantzak badaude, baina hori gainditze bidean gaude. Eta Euskaldunan ikusi nuen badagoela benetan gainditzeko borondatea bai gure aldetik, bai ezker abertzalearen aldetik. Eta borondatea da aurrera egiteko behar dena.
Urrats honen ondorioz Espainiatik zuen aurka egingo den beldur zara?
Lehen ere galdetu didate legez kanporatzeko aukeraren inguruan eta lehen aldiz galdetzean beldurtu edo harritu egin naiz. Baina guk argi dugu gauza bat: ez dugu sekula ezer egin bideak ez badira baketsuak izan eta etorkizunean ere zerbait gertatuko balitz gure gaitzespen sendoena emango genuke. Kutsadura horren haritik, Estatuak edo Fiskaltzak edo AVT edo antzeko norbaitek salaketaren bat jarri eta Madrila joan beharra ez dut baztertzen baina gure jatorria argia da eta badakit zer erantzungo nukeen. Edozein kasutan, argi dut helburuak merezi duela eta bideak zein izan behar duen ere argi dugu. Bere garaian intsumiso izan nintzen jakinik agian horregatik kartzelara sartzea egokituko zitzaidala. Baina helburuak merezi zuen. Gizartea mugitu zen eta Aznarrek berak bertan behera utzi behar izan zuen. Hau zailagoa da baina…
Fuente: BERRIA