EAko idazkari nagusiak ETBk egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, gaurtik aurrera ezker abertzaleak bide politiko eta baketsuak baino ez dituela erabiliko bermeak ditu Eusko Alkartasunak.
Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkariak esan du jakin badakitela batzuentzat “inoiz ez” dela urrats nahikorik izango. “Batzuentzat atzokoa ez da pauso nahikoa eta etorkizunean emango direnak ere ez direla nahikoak esango dute”, adierazi du atzo bere alderdiak eta ezker abertzaleak sinatutako akordioak jaso dituen kritikei erantzunez.
ETBn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, ezker abertzalearekin sinatu duten akordioak oinarri sendoa dauka eta euskal Estatua sortzeko “ezker abertzaleak bide politikoak eta baketsuak soilik erabiliko dituela esateko bermeak ditugu”. Dokumentuan ETAri buruzko aipamen zuzenik ez egiteko arrazoiaz galdetuta, Urizarrek nabarmendu du hitzarmena Eusko Alkartasunaren eta ezker abertzalearen artekoa dela eta egiten duten apustua “bide politiko eta baketsuen aldekoa” dela eta “hor ETAk ez du lekurik”. “Altuago esan daiteke, baina ez argiago”, erantsi du.
Ildo horretan, “atentaturen bat izango balitz, EAk eta ezker abertzaleak euskal gizartearentzat nahikoa izango litzatekeen erantzun irmoa emango lukete”, azpimarratu du. Eusko Alkartasunaren buruzagiak uste du ezker abertzalearekin sinatutako akordio honek eta aurreko prozesuek (Lizarra-Garaziko hitzarmena edo ETAren azken su-etena) badutela kontuan hartu beharreko ezberdintasun bat: “Lehendabiziko aldiz hausnarketa egin du ezker abertzalearen oinarri sozialak eta ziklo bat ixtea eta beste bat hastea erabaki dute euren kabuz”, nabarmendu du. Estrategia berri horren edo EArekin sinatutako akordioaren aurka dagoenik agertzen bada, “ezker abertzalea argi bereiziko litzateke”, iritzi dio.
Datozen hauteskundeetara EA eta ezker abertzalea koalizioan aurkezteko dagoen aukeraz galdetuta, Urizarrek azaldu du bi sektore politikoek euren zerrenda propioak izateko lanean ari direla eta ezker abertzaleak bere “marka propioa” izan nahi duela. Ezker abertzalearekin harremanak izateagatik Eusko Alkartasunak legezkotasun arazoak izango ote dituen galdetuta, Urizarrek ondokoa erantzun du: “Bide baketsuen aldeko apustuak arriskua izan dezake, baina helburuak pena merezi du”. “EA legez kanpo uzteko eskaera egon daitezke plataforma jakin batzuen aldetik. Ez dakit bide emango dieten ala ez, baina gutxiengo demokrazia bat baldin badago, ez lukete aurrera egin behar”, adierazi du.
Jatorria: EITB.com