Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea eta Alternatibak egin dute deialdi bateratua eta manifestazioa Bartzelonan kataluniarrek onartutako estatutaren aurka eman den epaia salatzeko egingo denarekin kointzidutuko du.
Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea eta Alternatibako ordezkariek prentsaurrea eman dute gaur Donostian, manifestazioa deitu, martxa antolatzeko arrazoiak eman eta gizartea bertaratzeko deia egiteko.
Kataluniako herritarrek onarturiko Estatut-aren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzitako epaiak berriro ere agerian utzi du Espainiako Konstituzioa herrien eskubideen eta aspirazio demokratikoen ukazio tresna dela. Horren aurrean, Kataluniako herriak erabakitze eskubidea aldarrikatuko du uztailaren 10ean “Som una nació. Nosaltres decidim” lelopean manifestazioa burutuz.
Auzitegi Konstituzionala esparru juridiko eta politiko ukatzailearen tresna da. Herri borondatea giltzapetu nahi duen aparatu inposatzailea. Herritarren borondatea ezin da bahitu edo ezabatu gehiengoaren nahiarekiko arrotza den Konstituzio edo esparru juridikoaren eskutik.
Euskal Herria eta Catalunya erabakiak hartzeko subjektu propioa direla onartzeak eta eskubide ororen errespetuan oinarritutako esparru demokratikoak izan behar du kultura eta jarrera politiko guztien topalekua. Baina horren ordez, ukaziotik aitortzara pasatzeko jada sendotuta dauden baldintza sozio-politikoak neutralizatu nahi dira legediekin herritarren nahiak bortxatuz eta burujabetzaren aldeko ibilbide posiblerik ez dagoela irudikatuz.
Marko berria, Autodeterminazioa edo erabakitzeko eskubidea jasoko duena, ezinbestekoa da bere etorkizuna hautatu nahi duten herrientzat, bai Kataluniar Herrientzat, bai Euskal Herriarentzat. Horixe da Catalunya eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren nahia eta horrela adierazi dute aukera izan duten guztietan. Duela gutxi Catalunyako hainbat udalerrietan egin diren independentziari buruzko kontsultak horren adierazle gertukoenak dira. Kataluniar herriak, euskal gizarteak bezala, erabakitze eskubidearen garatze efektiboaren aukera bide politiko, bakezale eta demokratikoak baino ez lagunduta egin nahi duela esan du.
Zentzu horretan, espainiar Estatuan ezinbestekoa da lurralde ereduan zein marko juridikoari dagokionean bigarren trantsizioa burutzea, hogeita hamar urte hauetako eredu asimilatzailea baztertu eta Kataluniar Herrien edota Euskal Herriaren izate nazionala eta dagokien erabakitze eskubidea aitortuko duen eredura pasatuz. Horretarako, bigarren transizioaz gain, Espainiar nazionalismoak garapen demokratikoaren ibilbidea egitea beharrezkoa da, gizartearen nahiak erantzuna izan dezan.
Bere burua zuzenbide estatu bezala izendatzen duen estatu batek ezin du onartu berau osatzen duten egiturek herritarrek erreferendum bitartez adierazitako borondatearen aurka azaltzea; alderantziz, herritarren borondatearen bermatzaile izan beharko lirateke.
Jendarteak soluzioak behar ditu, irtenbideak exijitzen ditu. Ukazioaren urteetako labirintotik atera nahi dugu, bai kataluniarrek, bai euskal herritarrok. Biak ala biak gure etorkizuna inolako eskusartzerik edota hipotekarik gabe erabaki nahi dugu. Bi nazioetako herritarrok demokrazian eta eskubideen aitortzan oinarritutako etorkizuna merezi dugu.
Europako ukatutako hainbat naziok beren burujabetza osoa dute helburu, eta bakoitzak bere identitate zeinu ororen osotasuna berreskuratzeari ekin dio: Eskoziak, Groenlandiak, Irlandak… Hori da jada Kataluniar Herrien eta Euskal Herriaren ibilbidea. Inguruko beste herri eta estatuetan naturaltasunez gertatzen ari dena guretzat ere nahi dugu eta Madrilek ezin izango du Europar Batasunaren bihotzean aitortzen diren eskubideak ukatzen jarraitu. Bide horretan gaude eta aurrera goaz, eta hurrengo topalekua Donostiako kaleak izango ditugu.
Katalanek bezala euskal herritarrok ere gure herri eskubideak ukatuak ditugula salatzeko eta gure herriak duen burujabetza beharra aldarrikatzeko, Eusko Alkartasuna-k, Ezker Abertzalea-k eta Alternatiba-k uztailaren 10erako “NAZIOA GARA. AUTODETERMINAZIOA” lelopean Donostian burutuko den manifestaldi nazionala deitzen dugu.
Herrialde Katalanetako zein Euskal Herriko jendarte zabalak beren etorkizuna libreki erabakitzeko zor zaien Autodeterminazio edo erabakitzeko eskubidea Estatu espainiarrari exijitzen dioten eguna bihurtuko da uztailaren 10a. Bi nazio oinarrizko eskubideen alde kalean, bi nazio ukazioaren zikloari amaiera emateko eta bakoitzaren aitortza Estatu espainiarrari exijitzen.
Bertan gauden alderdiok euskal herritar orori manifestaldian parte-hartzeko gonbidapena luzatzen diegu. Era berean, eragile sozial, sindikal zein politikoei deialdira atxikitzeko eta manifestazioan parte-hartzeko dei egiten diegu.
NAZIOA GARA.
AUTODETERMINAZIOA.
UZTAILAREN 10ean, DENOK DONOSTIARA!
Jatorria: Eusko Alkartasuna