Entrevistada por Berria, la secretaria de Comunicación de EA, Ikerne Badiola, destaca la importancia de la manifestación del sábado para mostrar la solidaridad de Euskal Herria con Catalunya y reivindicar el derecho de autodeterminación.

Udan sartu arren, Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkaria (Zumarraga, 1971) presaka dabil. Etzi manifestaziora deitu dute ezker abertzalea eta Alternatibarekin batera Nazio bat gara, autodeterminazioa lelopean. Baina BERRIA-ri tarte bat egin dio etziko deialdiaren arrazoiak azaltzeko.

Zein dira zehazki datorren manifestazioaren helburuak?
Alde batetik, Kataluniari gure elkartasuna adieraztea, eta bestetik, Katalanak bezala, gure eskubideak urratuak direla salatzea. Eta azkenik gure herriak duen burujabetza beharra aldarrikatzea. Hasiera-hasieratik iruditu zitzaigun Kataluniak larunbatean eginen duen aldarriarekin euskal herritar asko gatozela bat. Askok egon nahiko genuke Bartzelonan, eta deialdi honekin egin dena da aldarrikapena plazaratzeko aukera eman bertaratu ezin dutenentzat. Inolaz ere ez da bilatu itzala egitea edo Euskal Herriak hegemonia bilatzea.

Beharrezkoa da Espainiako Estatuaren barruan dauden nazioen arteko elkarlana arlo horretan?
Katalunia kalera irteteak kezka eragingo dio Espainiako Estatuari, eta Kataluniaz gain, Euskal Herria ere kalera irteten bada, kezka bikoitza izango du.

Zer gertatu da Aralarrekin?
Aralarrekin gertatu dena da, azken momentuan manifestazioaren zentzuarekin ez zetorrela bat. Aralarrek Kataluniari elkartasuna adieraztea nahiko zela esaten zuen, eta, hori horrela izanda ere, iruditzen zitzaigun Euskal Herriak ere badituela aldarrikatzeko hainbat gauza.

Gai horretaz aparte, zer moduz doa zuen arteko elkarlana?
Elkarlana orain dela 15 egun hasi zen greba orokorraren atxikimendu bateratuarekin. Gu beti gaude elkarlanerako irekita, eta momentu batzuetan lortzen da eta beste batzuetan ez da posible izaten.

Elkarlan hori irekia da?
Bai. Helburu politikoarekin datorren oro sar daiteke. Beti izan da irekia. Gauza batzuetan batzuk jarriko gara ados eta beste gauza batzuetan beste batzuk edo denak.

EAJ sar daiteke?
EAJrekin zergatik ez? Helburuarekin bat baldin bagatoz, eta bideak zeintzuk eta nolakoak izan behar diren argi baldin badaukagu, ez dago arazorik. Noiz gertatuko den? Ez dakigu.

Gero eta gehiago aipatzen da alderdiak batzen dituzten gauzetan elkarlana sustatzea. Mentalitateak aldatzen ari dira, zure ustez?
Etorkizunera begira, argi dago gizarteak izan behar duela protagonismoa, eta hori ezinezkoa da alderdikerietan bagabiltza. Alderdi guztiek egin behar dugu gure autokritika eta hausnarketa. Noski alde askotako elkarlanean alde batek edo besteak ez du nahi duena lortzen oso-osorik, baina beti egon behar du malgutasun pixka bat, eta guztiok eskakizun batzuk utzi behar ditugu, ez bazterrean, baizik eta beste momentu baterako. Gizarteak behar du lan bateratu hori.

Nola ikusten duzu PSE-EE, aldaketa horiei dagokienez?
PSE-EEren aldetik ere aldaketa sumatzen da. Oso adierazgarriak izan dira PSE-EEko presidenteak, Jesus Egigurenek egindako adierazpenak. PSE-EE ere kontziente da gauzak mugitzen ari direla eta aro berri baten atarian gaudela.

Posible ikusten duzu PSE-EE PSCrekin lerrokatzea?
Nahiz eta gauza komun asko izan, Euskal Herriak eta Kataluniak beraien berezitasunak dituzte, eta PSE-EE eta PSCren artean ere badaude, nahiz eta alderdi bera izan.

Manifestazioa egin eta gero, hurrengo urratsak pentsatu dituzue?
Argi dagoena da hurrengo urratsak guztion artean diseinatu beharko ditugula. EA eta ezker abertzaleak pauso bat eman dugu. Elkarlanerako oinarri batzuk zehaztu ditugu. Oinarri estrategikoak dira, eta, oinarri horiek hor izanda, lan bateraturako irekiak gaude.

Aralarrekin biltzen hasi zarete?
Biltzeko eguna erabakitzear gaude, eta, ziurrenik, datorren astean izanen da lehenengo bilera.

Etorkizunari begira, baikor zaude?
Bai. Nik uste dut Euskal Herrian aro berri bat irekiko dela. Orain arte urratsak egin dira, eta hemendik aurrera ere egingo dira bide politiko, demokratiko eta baketsuetatik.

http://paperekoa.berria.info/harian/2010-07-08/002/012/euskal_herria_ere_kalera_irteten_bada_kezka_bikoitza_izango_dute.htm

Fuente: Berria