Rafa Larreina EAko buruzagiak, Adierazi EHren izenean, larunbatean manifestazioa egin egingo dela ziurtatu du gaur arratsaldean, Auzitegi Nazionala debekatzen saiatu arren.
Rafa Larreina EAko buruzagiak, Adierazi EHren izenean, larunbatean manifestazioa egin egingo dela ziurtatu du gaur arratsaldean, Auzitegi Nazionala debekatzen saiatu arren eta dei berrindartua luzatu die herritar guztiei manifestazioan parte har dezaten eta deialdi hau herriz herri indar dezaten.
Larreinak irmotasun osoz nabarmendu duenez, “Adierazi EHren bidez guk guztiok aldarrikatzen ditugun oinarrizko eskubide hauek ezin dira ez ukatu ez debekatu pertsona guztioi berez dagozkigun eskubideak direlako. Manifestazio hau debekatzeak, eskubide zibil eta politikoen defentsa ez ezik, bizitza eskubidearen beraren defentsa ere debekatzea dakar”.
EAko buruzagiaren esanetan, “debeku horren jatorria Eusko Jaurlaritzatik bertatik sortzea guztiz larria eta biziki deitoragarria da. Berriro ere Espainiako Entzutegi Nazionala tresna dela, sorgin ehiza eta macarthysmo operazio iluna burutzen ari da”.
Bere hitzetan, “manifestazio hau debekatzeko saiakerak berak erakusten duenez, une honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da oinarrizko eskubide guztien defentsa. Horregatik, dei berrindartua luzatzen diegu herritar guztiei datorren larunbatean manifestazioan parte har dezaten eta deialdi hau herriz herri indartu dezaten”.
Larreinak Adierazi EHren izenean hitz egin du premiazko deialdi batean, herritar guztiei informazio zuzen eta zehatza eman eta ‘Denontzat eskubide guztiak Euskal Herrian’ lelopean deitutako manifestazioa debekatzeko saiakerak daukan dimentsioa neurtu ahal izateko.
Horren harira, “irailaren 4ko agerraldian azaldu genuen bezala”, Larreinak gogorarazi du zeintzuk diren manifestazioaren eskariak:
1. Pertsona guztientzat eskubide guztiak Euskal Herri osoan bermatuko dituen egoera berria: Salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera zein egintza oro gaindituz eta eskubide gabezia, urratze edota murrizketa guztiak geldituz.
2. Eskubide zibil eta politikoen, giza eskubideen, eskubide indibidual eta kolektiboen bermea, eta zehazki:
* Bizitza eta askatasuna.
* Euskal presoak Euskal Herrira. Kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera.
* Inkomunikazioa eta torturak gelditzea.
* Adierazpen askatasuna: pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak.
* Alderdi eta erakundeen legalizazioa, eta ondorioz, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.