Juanjo Agirrezabalak Seaskak jasoko duen diru-laguntzaren murrizketa gehiegizkotzat jo du; bere iritziz, PP eta UPD laguntza horren aurka azaldu dira haien helburua euskararen garapena oztopatzea delako.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzak euskararen aldeko konpromisoa bere gain hartu eta euskararen garapena Euskal Herri osoan sustatu behar duela adierazi du, Jaurlaritzak Seaskarekin, Iparraldeko Ikastolen Federazioarekin, alegia, adostutako akordioaren harira. Hitzarmena normaltasun osoz hartu behar delakoan dago, beraz, Agirrezabala, baina ez du, ordea, normaltzat jotzen haren edukia: “Ez zait batere normala iruditzen Seaskari emandako diru-laguntzak izango duen murrizketa, 1,1 milioi euro urteko izatetik 400.000 eurokoa izatera pasako baita. Egia da krisiak murrizketak dakartzala, baina hau gehiegizkoa da; krisia ez du euskarak ordaindu behar”.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak Seaskarentzako diru-laguntzak 2012an amaituko direla iragarri du gaur, baina hori onartezina da, Agirrezabalaren ustez, “Gobernuak euskararekin duen konpromisoak ezin duelako iraungitze-datarik izan”. Hala ere, garrantzia kendu dio Mendiak esandakoari, “hurrengo lehendakaria, zorionez, ez baita Patxi Lopez izango; hurrengo Jaurlaritzak bai izango duela euskararen aldeko jarrera argi bat, bai eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere”.
PPk eta UPDk Seaskarekiko akordioaren harira egindako kritikei buruz, EAko legebiltzarkideak salatu du bi alderdi horiek beti saiatzen direla euskararen garapena eta horren aldeko edozein ekimen oztopatzen.
Jatorria: Eusko Alkartasuna