“Gipuzkoa Lortu Arte” dekalogoa aurkeztu dute Eusko Alkartasunako eta Ezker Abertzaleko ordezkariek

Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak 2010eko ekainaren 20an Lortu Arte akordioa Bilboko Euskalduna jauregian buruturiko ekitaldian sinatu genuen. Akordioa Euskal Herriko independentiston ibilbidean harri-muga da. Hilabeteek ematen duten ikuspegiarekin, bi alderdion artean Euskalduna jauregian sinaturiko akordioa egun zabaltzen ari den egoera politiko berrian urrats garrantzitsua izan zela esan dezakegu.

Azken hamarkadetan Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak ibilbide ezberdinak izan ditugu eta gure historia aldarrikatzen dugu, baina Euskal Herriarekin dugun konpromisoak bakea eta normalizazio politiko egoera lortzeko bidean indarrak biltzera eraman gaitu. Biolentziarik gabeko eskenatokia eta proiektu politiko guztiak aukera berdintasunean jokatuko duten egoera nahi eta behar du euskal jendarteak.

Euskal Herriak bizi duen egoera politikoan ezin ukatu proiektu independentistak indarren metaketa beharrezkoa duela. Horregatik, ezberdintasunen gainetik biltzen gaituenari helduz, independentziaren bidean, Euskal Estatua lortzeko elkarlanari ekiteko apustua egin dugu, bide demokratiko eta baketsuak baino ez erabiltzeko konpromisoa agertuz.

2010eko ekainaren 20an Euskalduna jauregian indarrak biltzeko gai izan ginen. Urrats gehiago behar dira. Gaurkoa Gipuzkoan egiten dugun pausua da.

Denbora berri bat ekarri behar da Gipuzkoara
Gipuzkoak aldaketa politikoa eta soziala behar du. Proiektu independentista eta aurrerakoia erreferentzi duen aldaketa. Estatu Espainiarrean eta honen egitura juridiko politikoan bahiturik, gipuzkoarron gogo, amets eta egitasmoak itoak dira. Politika ekonomiko eta sozial atzerakoien ondorioak gipuzkoar guztiok pairatzen ditugu gure bizi kalitatearen okertzearekin.

Gizarte eremu independentista eta aurrerakoia eta bakea lortzeko ahalegina da herrialdearen erreferentzi politiko nagusia, eta hurrengo hilabete eta urteetan estalia mantendu nahi izan den gehiengo independentista eta aurrerakoia indarrez agertuko da, ahalegin horretan indar egingo dugu Gipuzkoako Eusko Alkartasunak eta Gipuzkoako Ezker Abertzaleak.

Proiektu independentista eta aurrerakoia sakontzeko garaia iritsi da Gipuzkoara ere. Indarrak bildu eta egitasmo independentista eta aurrerakoiaren inguruan indarrok artikulatzeko unea iritsi da. Gipuzkoarron unea iritsi da, herritarrona.

Lortu Arte Gipuzkoan
Gipuzkoako Eusko Alkartasunak eta Gipuzkoako ezker abertzaleak herrialde honetarako proiektu independentistaren oinarriak biltzen dugun akordioa adostu dugu. Bi aldeentzat aberasgarria izan den ariketa izan da. Indarrak metatzeko ariketan esperientzia ezberdinak ere metatu ditugu. Gaurkoan Gipuzkoan Lortu Arte dokumentua aurkeztu nahi diogu gipuzkoar jendarteari.

Dokumentu hau abiapuntua da eta esperientzia, ikuspegi politiko eta indar gehiago metatzeari irekia dago. Gipuzkoarako proiektu independentista eta aurrerakoiaren norabidean kokatzen den aldaketarako abiapuntua da.

Ikuspegi estrategikoa duen akordioa da hau, luzera begirakoa. Gipuzkoarako aldaketa politikoak urrats sakon bezain indartsuak behar ditu. Egiteko asko daukagu, aldaketa politikoa eraikitzea hurrengo urteetarako gure egitekoa izango da.

 

Lotu Arte Gipuzkoan
Proiektu independentista eta aurrerakoia erreferentzia duen Euskal Herriaren baitan, Gipuzkoaren proiektua zirriborratu dugu. Euskal Herrirako egitura juridiko politiko berri baten gauzatzearen alde eta gatazka politikoaren konponbiderako lan egingo duen Gipuzkoa bat marraztuz. Gipuzkoak eta gipuzkoarrok Euskal Herriaren nazio eraikuntza prozesuan parte hartu behar dugula aldarrikatuz. Gipuzkoan justizia sozialerako, garapen iraunkorrerako eta parekidetasunaren helburuetarako beharrezko diren oinarri politikoak definituz. Gure herrialdeko gazteriaren izaera indartsu eta sortzailearen aldarrikapena eginez. Euskararen, euskal kulturaren eta hezkuntza eskubide guztien aldekotasuna mahai gainean jarriz. Azkenik jatorri ezberdinetatik iritsiagatik Euskal Herrian bizi garen guztion eskubide berdintasuna aldarrikatuz.

Lortu Arte Gipuzkoan. Hurrengo urratsak.
Hurrengo asteetan, Gipuzkoako Ezker Abertzaleak eta Gipuzkoako Eusko Alkartasunak, interlokuzio dinamika burutuko dugu. Lortu Arte Gipuzkoan dokumentua eragile politiko, sozial eta sindikalekin eta orokorrean gizartearekin, gipuzkoar emakume eta gizonekin, konpartitu nahi dugu, guztion ekarpenak jasotzeko helburuarekin.

Gaurkoa abiapuntua da, Gipuzkoarako aldaketa politiko eta soziala ekarriko duen elkarlanaren eta indarren metaketarako abiapuntua da. Urrats berriak etorriko dira. Horretarako gure ahalegin eta prestutasun osoa agertu nahi dugu gaurkoan ere. Independentziaren eta gizarte eredu aurrerakoi baten alde egin nahi duen orori elkarlanerako eskua luzatzen diogularik.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna