Pello Urizarrek koalizioaren aldeko EAren apustua berretsi du eta Uxue Barkos Iruñeko Alkatetzarako zerrenda-buru bezala joan dadila proposatzeko prest agertu da. Hona hemen EAko idazkari nagusiak prentsaurrekoan esandakoa, hitzez hitz:

Agerraldi honetara deitu dizuegu Nafarroa Baik datozen hauteskundeetan izan behar duen paperaz Eusko Alkartasunak egiten duen gogoeta azaltzeko, eta hautagaien eta koalizioaren osaketaren inguruan egon daitezkeen zalantzak eta EAren iritzia argitzeko.

Lehenik eta behin, Eusko Alkartasunak Nafarroako Legebiltzarrerako eta Iruñeko Alkatetzarako izendatu beharreko hautagaiei buruzko erabakiari helduko diogu. Esan behar dugu izenak ez direla garrantzitsuena hauteskunde hauetan Euskal Herri osoko instituzioetan aldaketa politikoa eta soziala jokoan dagoenean.

Halaber, iragarri nahi dugu Uxue Barkos independentea Alkatetzarako zerrenda-buru bezala aurkezteko prest gaudela, NaBai osatzen dugun guztion artean horren inguruko adostasuna baldin badago. Uxue Barkosek oso lan instituzional ona egin du Nafarroa Baiko ordezkari bezala, eta erreferente bihurtu da nafar gizartearentzat. Aktibo garrantzitsua da eta asko dauka eskaintzeko, Kongresuan, Udaletxean edo Legebiltzarrean, Nafarroan aldaketa politikoa eta soziala lortzeko.

Azken hilabeteotan piztu den polemika dela eta, ezinbestekoa iruditzen zaigu NaBai medio bat dela, ez helburu bat gogoraraztea. Medio bat bere sorrerako helburua bete ahal izateko, hau da, nafar eskuma boteretik kentzea eta aldaketa politikoa eta soziala ekartzea, ikuspegi sozial batetik Nafarroa justuago bat lortzeko eta nafarren borondatea errespetarazteko, haien nazio nortasunari dagokionean.

Horregatik, helburua koalizioa tresna gero eta eragingarriagoa izan dadila delako, koalizioa zenbat eta zabalago eta anitzago izan, orduan eta gertuago egongo gara helburua lortzetik. Eta koalizioa zabaltzeko aukera baldin badago, bere izaera subiranista eta aurrerakoia lehenestearen aldeko apustua egingo du beti Eusko Alkartasunak.

NaBai aldaketa politikoa eta soziala ekartzeko jaio zen, eta unean uneko egoera politikoa aintzat hartu behar du. Zorionez, egungo egoera ez da, inolaz ere, duela lau urtekoa. Ezker Abertzalea bide politikoen alde egiten ari den apustuak aukera eman behar dio koalizioaren barruan egoteko.

Eusko Alkartasunak Nafarroa Bai anitza nahi du, ahalik eta anitzena, eta, ondorioz, guk ez diogu inori betorik jartzen, eta ez dugu onartzen beste inork betorik jartzea.

Nafarroa Bain alderdikeriek ez zutela lekurik uste genuen, baina hauteskundeak hurbiltzen ari diren heinean, koaliziokideok Euskal Autonomia Erkidegoan lehian egongo garen eguna hurbiltzen ari den heinean, alderdikeria agertzen ari da Nafarroa Bain, eta hori oso kaltegarria da koalizioarentzat.

Horregatik, gure koaliziokideei dei egin eta eskatu nahi diegu Nafarroa Bairen barne eztabaidari bakarrik dagozkion adierazpen kontrajarriak ez egiteko, nafar eskumaren jokoan ez sartzeko, horixe baita gure benetako aurkaria. Edo gutxienez, horixe delako EAren benetako aurkaria.

Gure koaliziokideen adierazpen batzuk entzunda, UPNk eta PPk oso eroso egon behar dutela uste dugu, Nafarroa Bairen oinarri sozialean ezinegona sortzen duten bitartean, eta hori nola edo hala saihestu behar dugu.

Hauxe da Eusko Alkartasunan Nafarroa Bairen inguruan egin dugun hausnarketa, ziur gaudelako gaur egun koalizioa tresnarik onena dela nafar eskumari aurre egiteko eta irabazteko. Nafarroak aldaketa behar du, eta NaBai aldaketa hori ekar dezakeen tresnarik onena da.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna