EAko legebiltzarkideak adierazi duenez, Sorturen agiriak berretsi egin du, beste behin, ezker abertzalearen erabakia behin betikoa eta atzeraezina dela eta EAren apustu estrategikoa zuzena zela, eta dela, kritikak kritika eta mehatxuak mehatxu.
Juanjo Agirrezabalak Sortuk argitaratutako agiria aintzat hartu du Eusko Legebiltzarrean, eta bertan adierazi du komunikatu horrek berretsi egiten duela, beste behin, “ezker abertzalearen barruan inflexio puntu bat egon del aeta behin betiko erabaki estrategikoa eta atzeraezina hartu duela bide politikoak soilik erabiltzearen alde eta indarkeria forma guztien kontra”. EAko legebiltzarkidearen aburuz, “baten batek zalantzaren bat baldin bazuen, gaur ez du izango, gaur argudio bat ere ez dagoelako Sorturen ilegalizazioa justifikatzeko, eta azkenean Sortu legez kanpo geratzen baldin bada, ez da izango arrazoi juridikoengatik, interes politiko partidistengatik baizik”.
“EAn inoiz ez dugu zalantzarik izan” ezker abertzalearen borondatearen inguruan, esan du Agirrezabalak, “eta azken asteotan gertatzen ari dena -erantsi du- argi eta garbi uzten ari da arrazoia geneukala, jasan ditugun kritiken eta mehatxuen gainetik argi geratzen ari delako gure apustu politiko estrategikoa zuzena zela, eta apustu hori Euskal Herria bake eta normalizazio egoera batera eramaten ari dela”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna