EAEko Auzitegi Nagusiak soldata-murrizketak legez kanpokoak direla ebatzi ondoren haurreskolak eta itunpeko ikastetxeak dauden egoeraren arduradun politikoa Eusko Jaurlaritza dela berretsi du Juanjo Agirrezabalak.
Eusko Jaurlaritzak itunpeko ikastetxeak eta haurreskolak soldata-gatazka batera eraman ondoren egoera horretan duen ardurari uko egitea eta eskuak garbitzea egotzi dio gaur Juanjo Agirrezabalak Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. EAko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean, Kontrolerako Osoko Bilkuran, Celaari gogorarazi dionez, Jaurlaritzak berak behartu zituen ikastetxe horiek, krisiaren aurkako legearen bitartez, soldatak murriztera, orain EAEko Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo duen murrizketa, alegia.
“Epaiek ikuspuntu legal batetik Gobernua absolbitu duten arren, Gobernuak bere erantzukizun politikoari heldu behar dio”, nabarmendu du Agirrezabalak, eta, ondorioz, “krisiaren aurkako lege hark ikastetxe hauetan izan dituen ondorio ekonomiko larriei erantzun bat eman behar die”. Hori dela eta, salatu du, “lekuz kanpo dago Celaak emandako erantzuna, eskuak garbitu baino ez dituelako egin, ez berak, ez bere Gobernuak arazo honekiko inolako harremanik izango ez balute bezala; ez du neurri bat ere planteatu arazoa konpontzeko, ikastetxe horietarako eta milaka familiarentzat egoera oso larria den arren”. EAko legebiltzarkidearen aburuz, Jaurlaritzak bertan behera utzi behar ditu itunpeko sarearen eta Haurreskolak Partzuergoaren finantziazioan egindako murrizketak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna