Eusko Alkartasunak eta beste eragile politiko eta sozial batzuek euskal nazioaren izatea aldarrikatu eta defendatzera dei egin diote euskal gizarteari Espainiako Itzulia Euskal Herritik pasatzen denean. Hona hemen EAk sinatutako agiria:
Espainiar txirrindularitza froga garrantzitsuena Euskal Herritik pasatzea ez da kasualitatea eta ez dio erantzuten kirol irizpideei. Hainbat eta hainbat txirrindularitza froga bertan behera utzi dituzte hauek sostengatzen zituzten laguntzak etetearekin, Vueltarekin berriz, inolako arazorik ez dute milaka euro xahutzeko.
Zein helbururekin pasa arazi nahi dute Vuelta Euskal Herritik?
Hego Euskal Herria Espainiaren zati dela aldarrikatzea.
Euskal herritarrek Vuelta España-rekin bat egiten dutela irudikatzen saiatzea.
PNVrekin ez bezala, PSErekin gauzak aldatu direla frogatzea. 17 urte ondoren normaltasun politikoa itzuli dela irudikatu nahi dute Vuelta Euskal Herrira ekarriaz.
Euskal Herria ez dela existitzen irudikatu nahi dute. Espainiako lurralde bateko autonomi erkidego batetik igaroko dela irudikatu nahi dute. Hainbatetan gertatzen den antzera ageriko ikur eta aldarrikapenak tokiko nortasun adierazpen gisa desitxuratu nahiko dituzte eta horrela bere etorkizunaren jabe izateko determinazioa duen nazio bat ezkutatu nahiko dute.
Euskal Herrian zazpi herrialdez osaturiko nazioa da, 21.000 km² eta 3.000.000 herritarrez osaturiko nazioa gara. Gure buruaren jabe izan eta nazioartean gure herria ordezkatzeko borondatea dugu. Halere, Espainiar eta frantses estatuek gure etorkizuna erabaki ahal izateko eskubidea ukatzen digute.
Gure nazio izatea ukatzen digutenek, ukazio hori berresteko helburuarekin dakarte kirol froga garrantzitsu hau gure herrira. Horregatik, Espainiar itzulia ez da ongi etorria Euskal Herrian.
Gure hausnarketa eta salaketa kaleratu nahi dugu eta euskal jendarteari Espainiarren itzuliaren aurrean euskal nazioaren izatea aldarrikatu eta defendatzera deitzen dugu.
Gero eta gehiago gara hausnarketa honekin bat egiten dugun eragileak. Herri gisa ukatzen gaituztenen aurrean herri gisa erantzun behar dugula uste dugulako, udara osoan zehar hausnarketa zabaldu eta indarrak biltzeko ardura hartzen dugu.
Bide honetan deialdi berezia luzatu nahi diegu, kirol talde eta eragile sozial, sindikal nahiz politikoei hausnarketara gehitu daitezen.
PDF: Ikusi PDFa