Juanjo Agirrezabala Legebiltzarreko osoko bilkuran Juanjo Agirrezabalaren esanetan, “bakea gero eta gertuago dagoen une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da instituzioek jazarpen eta indarkeria mota guztien aurkako mezua plazaratzea, horren jatorria eta horren biktimak edozein izanda ere”.

Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrak heriotza mehatxuak jaso dituzten Bilduko hautetsiei babesa eskaini eta elkartasuna adierazteko. Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak, Ana Karrere Andoaingoak eta Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiak, egun Gipuzkoako Foru Aldundiko kabineteburua denak, jaso dituzten mehatxuak salatu eta gaitzetsi ditu EAko legebiltzarkideak, eta nabarmendu du “bakea gero eta gertuago dagoen une honetan inoiz baino beharrezkoagoa dela instituzioek jazarpen eta indarkeria mota guztien aurkako mezua plazaratzea, horren jatorria eta horren biktimak edozein izanda ere”.

Hori dela eta, Agirrezabalak proposatu du Legebiltzarrak mehatxuak errefusatzea, Bilduko karguei elkartasuna adieraztea eta Herrizaingo Sailari zein Justiziari eskatzea mehatxu horien egile edo egileak identifikatzeko eta epaitzeko behar diren neurriak har ditzatela. Izan ere, “mehatxuak beti dira onartezinak, baina are onartezinagoak dira egungo egoera politikoan, bake eta normalizazio eszenatoki batera iristeko ateak zabaltzen ari diren honetan”, EAko ordezkariak dioenez. Halaber, bere ekimenak inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea planteatzen du.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA