Pello Urizar eta Ikerne Badiola Pello Urizar EAko idazkari nagusiak hilaren 20ko hauteskundeetan hiru aukera baino ez daudela adierazi du: lehenik, PPk eta PSOEk ordezkatzen duten Euskal Herriaren ukazioa; bigarrenik, EAJren autonomismoa eta, hirugarrenik, Amaiurren progresismoa eta erabakitzeko eskubidearen defentsa. Gatazka politikoa konpontzeko ordua dela nabarmendu du, baina baita ere eredu sozioekonomikoa, “PPk, PSOEk eta EAJk hori ezinezko bihurtu aurretik”. Urizarrek eta EAko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak egoera politikoari buruzko hausnarketa egin dute gaur, eta euskal gizarteari prozesu politikoaren protagonista izaten jarraitzeko eskatu diote, bai eta datorren larunbatean Anoetako Belodromoa betetzeko ere, Amaiurren kanpainaren ekitaldi nagusian. Hona hemen haien hitzaldia hitzez hitz:

Beste hauteskunde-kanpaina batean murgilduta gaude berriro ere, baina egoera politikoa oso bestelakoa da 1976az geroztik Euskal Herrian egindako gainerako kanpainekin alderatuta. Euskal subiranismoak azken bi urteotan egindako prozesu politikoaren ondorioz eta ETAren jardueraren behin betiko amaieraren ondorioz gauza asko aldatu dira bizitza politikoan, baina beste batzuk, ordea, ez dira ezertan aldatu hala eta guztiz ere.

Agerikoa da alderdi batzuek hauteskunde-kanpaina azken hamarkadetan baino askatasun handiagoarekin egin dezaketela, eta pozgarria zaigu, ezinbestekoa bait zen, baina agerikoa da, baita ere, independentistok jokatzen ari garen zelaia 1976koa bezain mugatua dela.

ETAren erabakiaren ondorioz aldatu beharko zen presoen egoera ere ez da ezertan aldatu, eta dispertsioak bere horretan darrai, politika horren arrazoia, ETAren jarduera, jada desagertu den arren. Eta ezin ahaztu politiko batzuek espetxetik parte hartu behar izan dutela kanpaina honetan, eta espetxean daudela politika egiteagatik soilik.

Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak “Lortu Arte” akordioarekin hasitako indar-metaketak Amaiur sortu eta agertoki elektorala sinplifikatu du, gaur hiru aukera baino ez baitaude: batetik, Euskal Herriaren ukazioa, PPk eta PSOEK ordezkatzen dutena; bestetik, jarraikortasuna eta autonomismoa, hau da, EAJk ordezkatzen duena; eta hirugarrenik, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izatea eskatzen duena, gure herria irizpide aurrerakoien arabera eraiki nahi duena; hau da, Amaiur.

Eta mugak aukera horietako batentzat bakarrik dira, euskal gizartearentzat erabateko demokrazia eskatzen duenarentzat. Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko orduan ate guztiak zabalik egon beharra aldarrikatzen dugu Amaiurretik, horixe baita euskal gizarteak nahi duena, eta ez duela 35 urte itxita geratu zen menu mugatua.

PP, PSOE eta EAJ bat datoz gainera eredu soziokonomikoarekin, lan eta gizarte eskubideak murriztu dituzten neurri guztiak beraiek adostu dituztelako, banan-banan. Horrela, milaka lagun prekarietatean dituen lan merkatua sortu dute, zerga erreforma atzeratu dute, banketxeak erreskatatzen dituzte, baina politika horiek kaltetutakoak bertan behera uzten dituzte. Hitz gutxitan esanda, krisia eta pobrezia ekarri dituen eredu berbera bizirik mantendu nahi dute, gizarteari bere patuaren jabe izateko aukera eman gabe, gizarte zuzenago eta hobe bat eraiki ahal izateko, gizarte zerbitzuak bermatu ahal izateko eta bizi-kalitatea handiagotu ahal izateko.

Euskal gizarteari konponbide integrala eskaintzeko unea da: batetik, sistema sozioekonomikoaren konponbidea, PPk, PSOEk eta EAJk ezinezkoa izatea lortu aurretik; eta bestetik, gatazka politikoaren konponbidea, hori lortzeko baldintzak ditugulako, batzuen ahotan kontrakoa entzuten dugun arren.

Alderdi batzuek dena amaitutzat eman nahiko zuten urriaren 20ko ETAren erabakiarekin, baina euskal gizarteak ederki daki egun horretan etapa berria ireki zela eta fase honetan gizartea bera izan behar dela derrigorrezko protagonista nagusia. Prozesu batean gaude eta bere etaparik erabakigarriena hasi baino ez da egin.

Euskal gizarteak protagonista izan behar duen uste osoa dugu, eta abiapuntu horretatik Eusko Alkartasunak dei egiten dio gizarteari hemendik aurrera ere protagonista izaten jarraitzeko, azkeneko bi urteotan egin duen bezala.

Politikaren unea da, eta horrek esan nahi du herritarrek haien ahotsa uzten dietela ordezkari politikoei, baina erabakia herritarrena da. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, gatazka politikoa ETArekin amaitzen ez zela uste dugun guztion parte-hartzeak datozen hauteskundeak ez ezik, herri honen etorkizun bera ere baldintzatuko ditu.

Ziur gaude euskal gizarteak benetako eta behin betiko konponbidea nahi duela, eta azkeneko urte honetan ondo baino hobeto ikusi dugu gizartearen gaitasuna. Horregatik, euskal gizarte osoari eta subiranistei bereziki, behin betiko konponbidearen unean gaudela uste duten guztiei, dei egiten diegu datorren larunbatean Amaiurrek Anoetako Belodromoan egingo duen ekitaldi politikoan parte hartzera.

Aldaketa politiko eta soziala gure esku daukagu inoiz baino gehiago, eta larunbatean milaka pertsonek horrela adieraziko dugu belodromoa beteaz.

 

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA