Ekitaldia bihar izango da Ustaritzen (Lapurdi) goizeko 10.30etan.
Eusko Alkartasunak omenaldia egingo dio bihar Manex Pagola euskaltzaleari Ustaritzen (Lapurdi), “haren lanak eta ibilbideak Euskal Herriko belaunaldi oso batean sekulako eragina izan baitute”, Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak nabarmendu duenez.
“Ezinbestekoa da -dio Badiolak- Manexek kultura arloan Ipar Euskal Herrian egin duen lana aintzat hartzea; Euskal Herriko Artistak, Gure Irratia eta Seaska erakundeetako sortzaileetariko bat izan da Pagola, eta arrakastaz jorratu ditu kultura arlo ezberdinak. ‘Urtxintxak’, ‘Kanta aberria’ eta ‘Azken dantza’ bere abestiak Euskal Herriko oroimen kolektiboan geratu dira betirako”.
Manex Pagola, gainera, abertzaletasunaren erreferente nagusietariko bat bilakatu da Ipar Euskal Herrian; Enbatan ibili zen, Seaska ikastolen federazioa martxan jartzen lagundu zuen eta Iparraldeko EAko idazkari nagusia ere izan da.
Omenaldia Ustaritzeko Larressoro aretoan izango da bihar, 10.30etan, eta bertan parte hartuko dute Euskal Herri osoko kultura eta politikako ordezkari ugarik.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA