EAko ordezkaritza batek parte hartuko du biharko ekitaldietan. Pello Urizar idazkari nagusia goizeko omenaldian izango da.
Eusko Alkartasunak, urtero bezala, parte hartuko du bihar Gasteizen 1976ko martxoaren 3an erahildako bost lagunen oroimenez antolatutako ekitaldietan. Alderdiko ordezkaritza bat bertaratuko da eta Pello Urizar idazkari nagusia ere goizeko omenaldian izango da. EAk ezinbestekotzat jotzen du martxoaren 3ko biktimek eta haien senitartekoek pairatu duten bidegabekeria historikoa erreparatzea, behar-beharrezkoa baita polizia indarkeriaren biktima izan zirela aitortzea, egindako mina erreparatzea eta ardurak garbitzea.
Euskal Herria aro historiko batean sartu da eta horrek aukera ematen du 1976an gertatutakoa aitortzeko. Berandu izan arren, ukaezina da adiskidetzea lortzeko bidean biktima guztiei, salbuespenik gabe, erreparazioa eskaini behar zaiela. Aurten, gainera, urteurrena iritsi da gizarte eskubideen murrizketa ikaragarria bultzatzen ari den une berean. “Duela 36 urte erahildakoek gizarte eskubide horiek lortzen lagundu zuten; beraz, egin dezakegun omenaldirik onena murrizketa horien aurka lan egiten jarraitzea da”, nabarmendu du EAk.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA