Aieteko Adierazpena Europar Parlamentuan aurkezteko bezperan nazioarteak Euskal Herriak bizi duen prozesu politikoan izan dezakeen garrantzia azpimarratu du Pello Urizarrek.
Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak prentsaurrea eman du gaur Lorena Lopez de Lacalle, alderdiko Nazioarteko idazkariarekin batera, Bruselan egingo den Aieteko Adierazpenaren ekitaldian egongo direla esateko.
Aieteko Adierazpena Bruselan aurkezteko ekitaldi politikora joango garela esateko agertu gara zuen aurrean. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu agerraldia, Europan gatazkaren konponbidean parte hartzeko borondate politikoa dagoela erakusten duelako.
Aieteko Konferentziatik atera zen dokumentuak izugarrizko garrantzia du Euskal Herriaren gehiengo politiko eta sozialaren babesa duelako eta herri hau epe berrirako bidea egiten lagundu nahi duten pertsonen parte hartzea posible egiten du.
Gainera dokumentua babesten duten pertsonen bidez Euskal Herria nazioarteko agendan sartu da, eta Europan naturaltasun osoz hitz egingo da Euskal Herriko gatazka politikoari buruz, Eskoziarekin egiten ari den bezala, edo Europan burujabetzaren bidea egin duten estatu berri guztiekin bezala.
Nazioartearen babesa oso lagungarri izaten ari da egoera politiko berriaren alde egin dugunontzat. Aurreko astean eginiko Idahoko adierazpena, Friendshiparen lana, ALEk egin duen ahalegina,… guzti honek egiten ari garen bidea egokia dela esaten digu.
Eusko Alkartasunarenitzat oso pozgarria da ALEk egin duela lana. Bere azken asanbladan eta Eusko Alkartasunaren ekimenez, Europar Batasuna Euskal Herriaren gatazka politikoa konpontzeko lan egin dadin eskatu zuen eta burujabetza eta independentziaren aldeko aldarria egin zuen.
ALEren lanak, Aieteko Adierazpena Bruselan aurkezteko gonbiteak bezala Europa konponketaren parte izan nahi duela erakusten du. Positiboan lan egiten ari da nazioartea Euskal Herriari dagokionean, ez Patxi López jauna bezala. Gobernua erabat amortizatua duela eta gehiengo politikoa ordezkatzen ez duela jakinda ere, gatazka politikoa aitortu ere egiten ez duen proposamenarekin dator Lopez.
Datorren ostiralean gertatzen dena gertatzen dela, lehendakariak badaki gatazka politikoa ez dela ETAren desagerpenarekin konpontzen eta konpondu ezean, luzerako hor geratzeko arriskua dagoela ere.
Euskal gizarteak konponbidearen aldeko apostuarekin bat egin du eta dagoeneko Europan ere onartu dena onartu beharra dute orain artean begiak itxita ibili direnak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna