JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak gogorarazi duenez, Auzitegi Konstituzionalak EHUn matrikulatzeko presoen eskubidea aintzat hartu du berriki. “PP horren aurka azaldu da eta EHUrekin ez dela fidatzen agerian utzi du”, salatu du EAko eledunak.

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak EAren mozio bat onartu du eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) lankidetza hitzarmen bat sina dezala eskatu dio Espetxe Zuzendaritzari, presoak ere EHUn matrikulatzea ahalbidetzeko. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalaren epai batek EHUn ikasteko presoen eskubidea aintzat hartu du duela gutxi, eta uko egin dio, beraz, UNEDen bakarrik matrikulatu ahal izateari.

Juanjo Agirrezabalak PSEren iritzi aldaketa eskertu du, legealdi hasieran aldarrikapen horren kontra agertu baitzen. “Gaur PSEk ere bat egin du EAk zein Unibertsitateak berak beti defendatu dugun tesiarekin, eta hori poztekoa da”, nabarmendu du EAkoak. Aldiz, PPren jokaera kritikatu du, “presoei EHUn ikastea debekatzen jarraitu nahi duela agerian utzi duelako”. Gainera, erantsi du Agirrezabalak, “bere diskurtso politikoari eutsi nahian PPri ez zaio inporta EHUren irudia zikintzea; argi eta garbi utzi du ez dela EHUrekin fidatzen, eta hori onartezina da herri honetako instituzio nagusietariko bati ospea kentzea delako”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA