Ikerne Badiolak adierazi duenez, espainiar erakundeen borondate politikorik ezak ez du euskal egoera politikoa baldintzatzeko gaitasunik. Badiolak ziurtatu du gizarteak tinko eta arduraz erantzungo duela Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez kondenatu dituena bezalako epaien aurrean.
Arnaldo Otegiri, Rafa Diezi, Sonia Jacintori, Miren Zabaletari eta Arkaitz Rodriguezi sei urteko kartzela-zigorra ezarri dien Auzitegi Gorenaren epaia gaitzetsi du Eusko Alkartasunak, “erabaki hori demokratikoki defendaezina delako eta Euskal Herriak bizi duen prozesu politikoa kriminalizatzen saiatzen ari delako, aldaketa horren alde eta iraganeko estrategien kontra egin duten pertsona horiek zigortuz”.
Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak elkartasuna adierazi die kondenatuei eta Gorenaren erabakiak espainiar erakundeen eta euskal gizartearen artean dagoen amildegia are ageriago utzi egin duela nabarmendu du. “Euskal gizarteak ez du ulertzen nola bost lagunek sei urte kartzelan pasako dituzten politika eta bakarrik politika egiteagatik”, ohartarazi du.
Badiolaren esanetan, “ez epai penagarri honek, ez espainiar Estatuaren borondate politikorik ezak, ez ezerk ez dute egungo egoera politikoa baldintzatuko, ez dute horretarako gaitasunik. Euskal gizarteak epai honi arduraz eta tinko erantzuten jakingo du, gaur ezagutu duguna bezalako erabakiei aurre egiteko modurik onena hasitako bideari jarraitzea delako”.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA