JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak egia ezagutzeko gizartearen eskubidea aldarrikatu du eta Aresi leporatu dio “lekukoek emandakoarekin bat ez datorren kontakizun bat eraikitzea eta horrelako gertakariak berriro inoiz ez gertatzeko behar diren neurriak hartzeari uko egitea”.

Ertzaintzak emandako pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas hil zenetik hiru hilabete jada igaro direnean, Juanjo Agirrezabalak salatu du Rodolfo Ares buru duen Herrizaingo Sailak, batetik, ez duela oraindik argitu egun hartan zer gertatu zen eta, bestetik, ez dituela barne mailako ardurak garbitu. “Justizia oraindik ikertzen ari dela dio sailburuak eta hori aitzakia gisa erabiltzen du, baina kontua da Herrizaingo Sailak oraindik ez duela azaldu nork eman zuen tiro egiteko agindua, ez eta nork eman zion pilotakada Basauriko gazteari”, EAko legebiltzarkideak ohartarazi duenez. Bere iritziz, “gizarteak egia ezagutzeko eskubide osoa du, eta Jaurlaritzak zehatz-mehatz azaldu behar dio derrigorrez”.

Agirrezabala beldur da Cabacasen heriotza zigortu gabe ez ote den geratuko, eta Aresi egotzi dio gertatutakoa argitzen ez laguntzea. Izan ere, “Herrizaingo Sailean horren inguruko kontakizun bat eraiki dute, baina bertsio hori ez dator bat bertan zeuden lekukoek eman dutenarekin; are gehiago, sailburuak Ertzaintzaren irudia zikindu nahi izatea eta gezurretan ibiltzea eta guzti leporatu zien lekukoei Legebiltzarrean”, gogorarazi du EAkoak.

Hori dela eta, Herrizaingo Sailak gauzak argitzeko benetako borondaterik ez duelakoan dago Agirrezabala, eta “horrelako gertakariak berriz ere ez errepikatzeko behar diren neurriak hartzeari uko egitea” egotzi dio, gomazko piloten erabilpena behin betiko debekatzeko EAk behin eta berriz egin dion eskariari ezezkoa eman diolako.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA