Etxe kaleratzeen kontrako neurri zehatzak aurkeztu ditu EH Bilduk.
Krisialdi ekonomikoak ahulenak kolpatzen dituela behin eta berriro salatu egin dugu azken hilabete hauetan.
Agerikoa da krisiak eredu kapitalista duela oinarri, finantza sistemaren desarautzea ahalbidetu duten hazkunde politika jasangaitzek eragin dutela. PNVk, PSEk, UPNk eta PPk bultzatu duten sistema neoliberal honen diktadurapean heldu gara egoera honetara.
Eta krisi honetako ondoriorik lazgarrienetarikoak etxe desjabetzea pairatu duten pertsonak dira. Krisialdiaren hasieratik 9.000 lagun baino gehiagori kendu egin zaio etxebizitza Hego Euskal Herrian. Horren berri ematen diguten datuak nahiko argigarriak dira. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan bakarrik, 968 etxe desjabetu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Nafarroan, berriz, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak 370 desjabetzeaz hitz egin izan du iazko datuak aipatuz. Guztira, krisia hasi denetik, 1.300 lagun etxe desjabetu dituzte herrialdean. Agerikoa da goraka doazen datuak direla, eta ondorioak gero eta larriagoak izango direla (kalean utzitako pertsona eta familiak, bazterkeria soziala…).
Etxe desjabetzeak oso errealitate gordina dira, mozkin handiak izan arren laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten bankuek, hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan herritarrak kale gorrian uzten dituzte; hutsik dauden etxebizitzak pilatzen dituzte, jatorrian zuten helburu sozialari traizio eginda eta, hori guztia gutxi bailitzan, finantza erakundeen kontabilitatean aktibo toxiko gisa azaltzen dira, irizpide espekulatiboen arabera baloratu izan direlako. Egoera honen aurrean argi izan behar duguna: etxe desjabetzeen arazoa ondorioa besterik ez dela, etxebizitzaren afera globalaren baitan aztertu beharrekoa.
Eta egoera larri honen aurrean, zer egiten dute Urkulluren PNVk, Lopezen PSEk eta Basagoitiren PPk? EZER EZ, beste alde batera begiratzen dute, arazo larri hau haiekin zerikusirik ez duelakoan, etxe desjabetzeen eta desjabetuen afera herritarren eta finantza erakundeen arteko konponbide pribatu soil batera mugatuko bailitzan. Ezta gutxiago ere, PNVk, PSEk eta PSEk ostrukarena egiten dute, ezkutatu egiten dira, beste alde batera begiratzen dute, ez dituztenean zuzenean babesten etxe desjabetzeak. Bankaren adiskide diren hiru alderdi hauek, haien alde jartzen dira, etxea lagatzera behartuta dauden milaka familia babesgabeei bizkarra emanda.
Urkulluk, Lopezek eta bankarien seme Basagoitik bankuentzako laguntzak dituzte lehentasun, milaka milioi euro txertatzen dizkiete haien kudeaketa lazgarriaren ostean onbideratzea behar dutelako; aldiz, erabateko ezintasuna agertzen dute desjabetuen arazoari irtenbide duina bilatzeko; akaso, areagotu egiten dute ere. Kutxabankek proposatutako Etxelan edota Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuaren moduko neurriek banka erakundeen erantzukizun etikoa zuritzeko baino ez dute balio, ez baitie inolako konpromisorik eskatzen. Era berean, EH Bildutik ohartarazi nahi dugu oso larria dela Kutxabank osatzen duten hiru kutxek etxe desjabetzeak gauzatzea erakunde publikoak izanik.
Horregatik, etxe desjabetzen arazoaren aurrean Euskal Herria Bilduk honakoa proposatzen du:
1. Hipoteka exekuzioak bertan behera utziko dira. Kasu honetan ez da hipotekaren luzamendua eskatuko.
2. Finantza erakundeak jabetza eskumenak dituen erakunde publikoen esku uztea proposatzen da.
3. Etxebizitza horren erabilera eta okupazioa alokairu sozialaren bidez kudeatuko da.
4. Hipotekaren ordainketaren ezohiko etetea ezartzea hala eskatzen duten familiei. Eskakizunak:
- Hipoteka ordaintzerik ez izatea arrazoi objektiboak direla medio (langabezia kasu).
- Proposatzen da hipotekaren ordainketa aldi jakin batean uztea; kaltetuak ez du etxebizitza lagako eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du (familiaren erosteko ahalmenaren arabera ezarriko litzateke zenbatekoa, diru sarreren %15 izango litzatekeena)
- Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin.
5. Finantza erakundeek hipotekak emateko orduan duten jarrera aztertzea eta arduragabekeriaz jokatu denean, erantzukizuna onar dezaten eskatuko zaie. Ardura horiek zehazteko, etxebizitza eskumenak dituzten erakundeek arautu eta zigortzeko eskumenak izango dituzte.
Jatorria: Euskoa Alkartasuna